Martxan da Ostegun Bidaiariak lehiaketako 4. edizioa

Josu Bilbao 2016ko api. 11a, 11:50

Bidaia ezberdinen esperientziak partekatzeko asmoz sortu zen lehiaketa Aretxabaletako Udalaren eskutik. Aurreko hiru edizioetako parte-hartze handia ikusirik aurten ere martxan jarri da ekimena.

Debagoienean bizi, ikasi edo lan egiten duen edonork har dezake parte, banaka zein taldeka. Ekimenaren helburua da bidaia egingarriak ezagutzera ematea, beste batzuek etorkizunean egin ahal izango dituztenak, hain zuzen ere.

Laugarren edizio honetan Debagoienean hain ugariak diren bertako zein kanpoko ikasleei ere keinu berezi bat egitea erabaki dute. Horrela, gonbidapena egin zaie horiei ere ikasketak edo bestelako arrazoiak medio kanpoan egin izan duten egonaldien berri ere jende aurrean eman dezaten. Bidai-esperientzia da jaso nahi dena eta, horren bidez, beste herrialde bat bisitatzeko grina piztea.

Baldintzak

Bidaiak azken 5 urteotan egindakoak izan behar dira. Parte-hartzaileek diaporamen laburpen bat eta argazki batzuk aurkeztu beharko dituzte eta aurkeztutako lanen artean 4 izango dira aukeratuak. Aurkezpenak euskaraz egin beharko dira eta diaporamaren iraupena 30-60 minutu bitartekoa izango da. Hainbat irizpideren arabera egingo da aukeraketa: bidaiaren egingarritasuna eta praktikotasuna, kontakizunean transmititzen den gertutasuna eta diaporamen kalitatea.

Publikoaren saria 100 eurokoa izango da eta parte hartzaile guztiek 50 euroko sari-ordaina izango dute. Irabazlea publikoak aukeratuko du. Aretxabaletako tabernatan emanaldiaren egunean jarriko den buzoian eman beharko dute botoa ikusleek diaporamen ostean. Aurkezpenetan egingarri diren bidaietarako ideia iturri izateari emango zaio garrantzia.

Emanaldiak

Emanaldiak Aretxabaletako taberna ezberdinetan izango dira, ostegun iluntzetan, 21:30ean. Emanaldien egunak honakoak izango dira: maiatzak 19, maiatzak 26, ekainak 2 eta ekainak 9.

Apirilaren 15etik maiatzaren 2ra bitartean aurkeztu beharko dira bidaiaren laburpena eta argazkiak, gazteria@aretxabaleta.eus helbidera idatziz edo 943 71 18 62 telefonora deituz.

 

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak