"Erraustegiak pertsonen osasunari kalte egin diezaiokeela errotik ukatzen du Foru Aldundiak. Hala ere, badaezpada, instalazio modernoa izango dela esan eta esan ari dira, punta-puntakoa, kontrol-sistemarik zorrotzenak izango dituena. Baina noiztik dira modernoak erraustegiak?", diote Errausketaren kontrako mugimenduko kideek. Hala, garaian garaiko "erraustegi modernoenak" izanda ere, "oso kutsakorrak" izaten jarraitzen dutela gaineratu zuten, eta horren adibide aipatu dituzte 2014an Carlos III unibertsitateko kideek egindako ikerketa-txostena eta Bizkaiko erraustegiak iaz isuritako 235.000 tonelada CO2.
Maiatzaren 29ko giza katearen erdigunean "osasuna" izatea gura dute, baina erraustegia "enpresa pribatu" baten eskuetan uzteko asmoa duela Aldundiak ahaztu barik: "Lankidetza publiko-pribatua? Bai, kutxa publikotik zein herritarron poltsikoetatik sekulako dirutza atera eta esku pribatuetan uzteko lankidetza".
Beste behin, gogorarazi gura izan dute erraustegia "pertsonen osasunerako zein ingurumenerako arriskutsua" dela, baita "garestia" ere: "Belaunaldi hau ez ezik gure seme-alabena ere hipotekatuko du. Eta hori gutxi balitz, birziklatze-bidean zein ekonomia zirkularreko bidean aurrera egitea ere oztopatzen du". Maiatzaren 29an hori guztia ozen esango dutela jakinarazi dute.