Axier Lopez: "Ez nuen isuna espero, edozein egunetan eman dezakezun albiste bat zelako"

Josu Bilbao 2016ko api. 8a, 09:54
Axier Lopez.

Argia-ko kazetariari "baimenik izan gabe" atxiloketa baten argazkiak sareratzeagatik 601 euroko isuna jarri diote Herritarren Segurtasun Legeaz baliatuta, Mozal Legea bezala ere ezagutzen denaz, hain zuzen ere.

Salaketa ezagutzera eman ondoren sare sozialetan izan diren babes mezuak eta mugimendua izugarria izan da. Nola bizi duzu?

Orain pixka bat tamaina hartu diogu, baina asteazkenekoak apur bat gainezka egin zidan edo egin zigun. Bagenekien Euskal Herri mailan oihartzuna izango zuela albisteak, orain dela urtebete ere Kazetaritza ez da delitu ekimena Mozal Legeari aurre egiteko babes garrantzitsua lortu genuen. Hala ere, tamaina horretakoa, Euskal Herrian bertan, eta hemengo mugak gainditu eta Espainiako Kongresuan bertan Onintza Enbeitak botatzea, Pablo Iglesias ondoren, Otegi, eta 15M inguruan sortutako adar ia gehienen babesa... Egia esan, itzela izan da, eta batez ere, gero jendeak babesa eta animoak emateaz gain, praktikara eman dute jauziak batzuek eta ea nola egin daiteken dirua biltzeko, asteazkenean elkarretaratze bat egingo dute Donostian... Itzela izan da.

Eibarren gertatu zen atxiloketa unera itzulita. Burutik pasa al zitzaizun salaketarik jaso ahal izango zenuela argazki horiek sareratzeagatik?

Inondik inora. Egun horretako kontakizuna ikusita, Euskal Herrian tamalez astero ikusi dugun eta horien inguruan informatu dugun atxiloketa horietako beste  bat zen. Polizia Nazionala Naroa Ariznabarretaren etxera joan zen, bera normal jaitsi zen, eta albistea bera hori zen. Momentu horretan atxilotzen zebiltzala. Autora sartzera zihoazela. Isuna etorri zenean, egia esateko, ez nuen inondik inora espero edozein egunetan eman dezakezun albiste bat zelako.

Nola izan zen isuna jaso zenuen une hori?

Hasieran harridura, eta ondoren, hasten zarenean pixka bat dimentsioa sartzen, Mozal Legea tartean zegoela, hau berri-berria dela pentsatzen hasten zara. Euskal Herrian hau ez dugu ezagutu, eta ikusi genituenean argudioak eta isunean bertan, lehendabiziko paragrafoan, azalpen nagusia ematen duenean esaten du delitua "operazio polizial baten berri baimenik gabe" eman nuela. Orduan nori eskatu behar zaio baimena funtzionario publiko batzuek egindako operazio baten berri emateko, egun argiz, eta erabateko atxiloketa arrunt bat izanik. Beraiei eskatu behar zaie baimena? Polizia Nazionalari eskatu behar zaio baimena aurrez? Carlos Urquijori eskatu behar zaio baimena? Hori da lege honek duen tranpa handienetako bat, ez duela zehatzen eta epaile bilakatzen da polizia bera edota kasu honetan ordezkaritza.

Noraino muga dezake, beraz, kazetarien lana Herritarren Segurtasun Lege honek?

Atzo bide judizialetik joatea eta isuna ez ordaintzea erabaki genuen Argia-n. Maila judizialean borroka ematea lege injustu honen aurrean. Lege honek duen alderik txarrenari aurre egitea, alegia. Alderik txarrena da hau bezalako albisteak erantzun kolektiborik gabe zabalduz gero horrek sortzen duen beldurra edo ezinegona, kazetari eta kazetari ez direnen artean ere, gaur egun argazkiak eta txioak edozeinek bidali ahal dituelako. Orduan beldur horri aurre egiteko erantzun kolektiboa eman behar zaio. Bestela, hau bezalako beste egoera baten aurrean, edozeinek baldin badaki Mozal Legeak horrelako gauzak zigortzen dituela, bi aldiz pentsatuko du ea horren berri eman edo ez. Horri aurre egiteko, konponbide bakarra erantzun indartsua lehendabiziko segundotik ematea da. Gu hori egiten saiatzen ari gara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak