Tokikomek lau urte bete ditu martxoan. Ibilbidea egiten ari da beraz....
Bai, gure haurtxoa ari da koxkortzen, txupeta eta pardela alde batera utzi, eta lasterka ere ikasi du. Lau hankatan baino, sendo eta tente dabil, eta gelditu gabe, hara eta hona. Norabidea finkatuta, eta harako bidean ttipi-ttapa. Asmo izatetik, egi izatera pasa zen duela lau urte. Bagenuen susma ahal genuela, eta orain hori sinistuta, gehiago ere ahal dugula ohartu gara.
2012tik 2016ra eman diren aurrerapausoen artean, zeintzuk nabarmenduko zenituzke?
Gure arteko sarea josi dugu, eta ez da erronka makala izan. Eskualdeka abian jarritako agerkari digitalek erraztu egin dute lan hori nabarmen. Bilera asko egin behar izan ditugu, eta zuzeneko harreman horrek oso fruitu onak eman ditu. Sektoreko gainerako eragileekin ere harremana sendotu egin da nabarmen: EITBrekin akordioa lortu dugu, eta Hekimenen ere buru belarri gabiltza.
Nola dago Tokikom osasun aldetik, bere laugarren urteurrenean?
Osasuntsu, eta batez ere gogotsu. Indartsu. Maratoia izango da, noski, lasterketa luzea delako gurea, baina entrenamenduak behar bezala egin dituenaren patxadarekin hasiko dugu. Bihotza da gurea, lanbidea ez ezik, sinistuta gaudelako egiten dugun horretan. Zangoak eta besoak, makina bat, bazkide bezainbeste, denak norabide berean ari direnak. Eta hori gutxi ez, eta burua ere argia: Behar bezalako hausnarketa guztiak eginda, bide zuzenena hartzeko moduan.
Eta zeintzuk izango dira hurrengo erronkak?
Orain artekoak sendotu, eta batez ere ezagutzera eman. Guk badakigu bagarela, besteek ere jakin dezatela zertan ari garen. Eta lan horretan, zubiak eraiki, bai erakundeekin eta bai gainerako komunikabideekin, sektorea egonkortu, eta gure langileei dagoeneko badute zilegitasunaz gain, duintasuna emateko tresnak sortu eta abian jarri.