Herritarren partaidetza sustatuko du Aldundiak 40 prozesu abiatuta eta plataforma digital berri batekin

Jon Berezibar 2016ko mar. 31a, 15:54
Imanol Lasa, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatua.

Herritarren Partaidetzako Plana aurkeztu du gaur Aldundiak, herritarrak "politika publikoen diseinuan, ezarpenean eta ebaluazioan" inplikatzeko nahiarekin. Askotariko 40 prozesu sustatuko ditu Foru Aldundiak eta besteak beste open data arloko foru-arau berria onartu da, on-line plataforma bat aireratuko da eta Partaidetzarako Gida sortuko da. Udalei ere zeresana eman gura die ekimenak.

Aurkeztu berri duten urteko planak 1.065.000 euroko aurrekontua izango. Diru-ekarpen pisutsua, hain zuzen, Imanol Lasa, Gobernantza eta Gizartearekiko Komunikazioko diputatuak azpimarratu baitu partaidetza dela "gobernantza onaren oinarri nagusietako bat". Herritarren eta orotariko eragileen protagonismoa bilatuko dela azaldu du Lasak, "gertutasunean, irekitasunean eta konfiantzan oinarritutako harremana finkatu" nahirik.

Foru Aldundia, bere aldetik, osotasunean hartuko du planak, departamendu guztiak eta 28 zuzendaritzak barne hartuz, "apustu transbertsal" batean. Hala, diputatuak gaur aurreratu duenez, 40 prozesu diseinatu dira herritarren partaidetzarako: garapenerako lankidetza, emakumezkoak eta kirola, Pasaialdearen biziberritzea, bizikletaren erabilera...

Teknologiaren erabilera berriei arreta berezia eskainiko die planak eta iragarritako neurrien artean dago open data (datuen eskuragarritasun eta sarbide publiko eta irekia) arloko foru-arau berria. Horrekin batera, partaidetzarako plataforma birtuala aireratuko du Aldundiak. Uda baino lehen izan nahi dute prest eta "oso tresna berritzailea" izango dela azaldu du foru diputatuak, kontuan hartuta komunikazio euskarri berrien erabilera. Horren guztiaren osagarri, Herritarren Partaidetzarako Gida sortuko dute, prozesu, arau eta konpromisoak zehaztu eta bitarteko, metodo eta helburuak argitzeko. Organikoki, Partaidetzarako Gizarte Kontseilua ere sortuko du Aldundiak, Gipuzkoako "ospe handiko" 40 gizarte ordezkarik osatua.

Azkenik, Udalen Kontseilua ere eratuko da, "berebiziko garrantzia" aitortu baitzaie udalerriei ekimen parte-hartzaileei bide ematerakoan. Ordezkaritza funtzioaz gain, organo horrek aholkularitza teknikoa eta metodologikoa eskainiko du. Halaber, 2017 urtera begira jada, diputatuak aurreratu du aurrekontu parte-hartzaileak garatzeko eredua egokitu egingo dutela. 

Honekin guztiarekin "Gipuzkoa aitzindari" bilakatu nahi du aldundiak, foru arauekin eta 2010 urtetik abian den Herritarren Partaidetzarako Zuzendaritzari "bultzada berri bat emanez". Lasaren arabera, Planak aurreikusitako neurriek gizarte zibilaren rola indartzea dute helburu kudeaketa publikoaren barruan, erronkei, arazoei eta konponbideei "lankidetzan oinarrituta" aurre eginez. "Zenbat eta ikuspegi gehiago aintzat hartu erabakiak hartzerakoan, jendea zenbat eta gehiago inplikatu, orduan eta eraginkorragoak eta zilegitasunezkoak izango dira politika publikoak, eta hobeto erantzungo diete dauden beharrei. Partaidetza erraztea, politika anitzagoa eta aberatsagoa egitea da. Oso positiboa da pertsonentzat eta gizartearentzat. Partaidetzaren alde egitea, Gipuzkoa proiektu kolektibo eta partekatu gisa sendotzea da".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak