Asteburuko eguraldi ona aprobetxatu dute Euskal Herriko hainbat tokitatik etorritako jendeak gure herriak eta museoak bisitatzeko. Gaur eguerdian, esaterako, Oñatin jende ugari ikusi ahal izan da herrigunean foiletoak eskuan eta argazkiak ateratzen.
Baina bisitariak kanpotik ere etorri dira. Bergarako turismo bulegoan, esaterako azaldu dute Euskal Herritarrez gain, espainiar estatutik ere jende dezente etorri dela, Madril edo Gaztela aldetik, esaterako. Bergararen kasuan, eguenean izan zen mugimendu gehien, turistaz betetako autobus bat etorri zen-eta herriko monumentuak eta Laboratorium museoa ezagutzeko bisita gidatua egitera.
Arrikrutz eta Gatz museoa
Oñatiko Arrikrutz kobetan ere, opor egun hauetan bisita asko izaten ari direla azaldu dute. Gaur bereziki kanpotik etorritako jendea izan dute, eta aurreko egunetan, berriz, euskal herritarrak nagusiki, Gipuzkoa eta Bizkaia aldekoak bereziki, baina baita Nafarroatik etorriak ere, adibidez.
Beste urte batzuekin alderatuta, jende gehiago bertaratu dutela azaldu dute, eta azken txanpa honetan ere hala jarraituko dutela espero dute, erreserbak badituzte-eta.
Gauza bera adierazi dute Leintz-Gatzagako Gatz museotik ere. "Gustora" daude han, inoiz baino jende gehiago dabilelako. Aurten museoak web orria jarri du martxan eta sare sozialetara jauzia ere eman du, eta arduradunek uste dute hori izan dela turista gehiago erakartzearen arrazoietako bat.
Eguenetik hasita, egunero egin dituzte bisita gidatuak, eta bihar ere, astelehena, egingo dute. Hori dela-eta, "oso pozik" daudela adierazi dute. Euren kasuan ere, euskaldunez gain kanpoko bisitariak ere izan dituzte, Burgos aldekoak bereziki.