Turismo eskaintza zabala Aste Santurako Debagoienean

Maite Txintxurreta 2016ko mar. 22a, 10:00

Aste Santuko oporretan etxean geratzea erabakitzen dutenek aukera paregabea daukate Debagoienean turismo apur bat egin eta gertuko altxorrak ezagutu edo berriro ere bisitatzeko.

Jardunaldi Gastronomikoak

Debagoieneko Jardunaldi Gastronomikoen bueltan, hainbat proposamen turistiko daude. Jakien ekoizpena ezagutzeko baserriak bisitatzeko aukera dago, Lapatza baserrian (Antzuola), Mendibitzun (Aretxabaleta) edo Gomiztegin (Oñati).

Txokolate-zaleendako, berriz, Oñatiko Txokolateixia dago, txokolatearen interpretazio zentroa. Eta gazia nahiago dutenendako, Leintz Gatzagako Gatz Museoa. Asteburu eta jaiegunetan, 12:00etan (euskaraz) eta 13:00etan (gazteleraz) bisita gidatu bana izaten da.

Natura

Natura gustuko dutenek ezin dute Aizkorri-Aratz parke naturala bisitatzeko aukera galdu. Horretarako, Arantzazun dagoen Parketxetik pasa daitezke, informaziorik osatuena jasotzeko.

Arrikrutzeko kobek martxoaren 24tik 28ra ordutegi berezia izango dute: 09:30-14:40 eta 15:30-19:00. Aurrez erreserba egitea komeni da.

Bestelako bisitak

Oñatin bisita bereziak antolatu dituzte. Martxoaren 24tik 28ra, Sancti Spiritus Unibertsitatea eta San Migel parrokia ikusteko, 13:00etan eta 17:00etan. 15 minutu lehenago San Migel errota bisitatzeko aukera ere izango da (zapatuan unibertsitatera bakarrik).

Arantzazuko Santutegira bisitak Aste Santuan egunero izango dira, 10:30ean, 11:30ean, eta 12:30ean.

Elgetan Intxortako ibilbidea egin daiteke, gerra zibilean bertan gertatutakoa ezagutzeko. Aurrez izena emanda.

Bergaran ere hainbat bisita egin daitezke, aurrez eskatuta: monumentuena, lorategi historikoena edota Errekalderuntz. Horrekin batera, Errekalde jauregiko Laboratorium museoa ere bisita daiteke. Turismo Bulegoa Errekalden bertan dago, gainera. 

Eskoriatzan, Ibarraundi museoa eta Zubiate labea zabalik egongo dira Aste Santuan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak