Pribatizaziora joko dute Zubietako errauste planta eraikitzeko eta kudeatzeko

Ubane Madera 2016ko mar. 23a, 10:01
Markel Olano eta Jose Ignacio Asensio atzoko agerraldian.

Markel Olano (diputatu nagusia): "Azpiegitura honek teknologia eta ingurumen kontrolik aurreratuenak" izango ditu. Jose Inazio Asensio (Ingurumen diputatua): "Urte amaieran hasiko gara eraikitzen hondakinen arazoari erabateko konponbidea emango dion zentroa". Berba horiekin iragarri zuten atzo Gipuzkoako Diputazioko ordezkariek Zubietako errauste plantaren lizitazio prozesuaren hasiera, bai eta, erraustegiaren eraikuntza zein kudeaketa pribatuak izango direla ere. EH Bilduk zein Podemos alderdiek gogor kritikatu dute erabakia.

Bi fase nagusi izango ditu Gipuzkoako hondakinen kudeaketari dagokion lurraldeko Diputazioaren egitasmo orokor horrek.

  • 1: "Energia balioztatzeko planta bat" eraikiko dute, bi linearekin eta "200.000 tona erretzeko eta elektrizitatea sortzeko aukera emango duena". Fase berean eraikiko dute Tratamendu mekaniko-biologikoko (TMB) zentor bat, "errefusan agertzen diren baina birzikla daitezkeen materialak berreskuratuko dituena". Orain hasiko dute fase horren lizitazioa, 200 milioi euro inguruko aurrekontuarekin, Diputazioaren esanetan.
  • 2: Udaberrian hondakinen kudeaketa zentroa eraikitzeko eta hura kudeatzeko baldintza-agiriak lizitatu eta irailean, berriz, aurkeztutako eskaintzen artean aukeratu gura du Diputazioak, "lanak urtea amaitu aurretik has daitezen".

Zubietako hondakinak kudeatzeko zentroan eraikiko dute esandakoaz gainera, biometanizazio planta bat, bai eta zepak balioztatzeko zentro bat ere.

30-35 urteko kontratua

Bestalde, Diputazioak iragarri du kontratu bidez jardungo duela datozen 30-35 urteotan: "Gaur egun GHK Administrazio Publikoen sektorearen barruan sartzen denez gero, haren aktiboak eta zorrak Aldundiaren kontuetan finkatzen dira. Hori dela eta, proiektua Aldundia eta kontsortzioko gainerako kideak zorpetu gabe garatuko bada, eta jada Inbertsioen Europako Bankuaren finantziaziorik ez dugunez gero, Aldundiak erabaki du formula publiko/pribatu baten bidez (PPP- Public Private Partneship) kudeatzea zentroa, betiere obra publikoko emakidaren kontratupean", esplikatu dute Diputaziotik.

"Bazkide pribatua errauste plantarako"

Eta horren ondorioa izango da, besteak beste, GHK-k "bazkide pribatu batekin" kontratatuko duela errauste plantaren "eraikuntza, finantzazioa, jarduna eta mantentze integrala (…) Bazkide pribatu horrek finantzatuko du osorik jarduna, bere arriskupean, eta horren ordainetan plantak sortzen duen energia ustiatu ahal izango du, gehi GHK-k zerbitzuagatik ordainduko duen zenbatekoa".

Diputazioak azpimarratu du "hondakinen arazoa behin betiko konponduko duen" zentroa izango dela Zubietako planta eta "Aldundia zorpetu gabe" egingo dutela hori.

Kritika gogorrak

Edozein modutan, EH Bilduk zein Podemos alderdiek gogor kritikatu dute Gipuzkoako Diputazioak atzo aurkeztutakoa.


EH Bildu: "Erraustegiaren pribatizazioa 'pelotazo' bat da"

EH Bilduk azpimarratu zuen errauste plantaren ustiapena 30-35 urtez ematea enpresa bati "pelotazo" bat da eta "legeari iruzur egitea". Josu Amilibiak, Tolosaldeko Mankomunitateko lehendakariak egin zituen salaketa horiek. Horrez gainera, hark salatu zuen EAJ-PSE-EEk uko egin diotela EH Bilduko ordezkariak Administrazio Kontseiluan eta erraustegia esleituko duen Kontratazio Mahaian egoteari: "Argi dago operazio hau gauzatzeko ez dutela lekukorik nahi".

"EAJk eta PSE-EEk bere gehiengo osoa baliatu dute GHKko asanbladan Gipuzkoa osorako zaborren kudeaketa pribatua inposatzeko. Hori dela-eta, hondakinen kontrol publikoa galduko dute bai Diputazioak bai mankomunitateek. Beraz, birziklapenean eta zero zabor filosofian oinarritutako eredua bultzatu beharrean, hondakinak negozioa egiteko eta dirua irabazteko erabiliko dira herritarren zabor-tasaren kontura", gaineratu zuen, besteak beste, Amilibiak.


Podemos: "Erakundeak entitate pribatuen zerbitzura egongo dira, kontrol sozial barik"

Podemos-ek, berriz, salatu du "pribatizazio horrek guztiona den altxortegi publikoan zuloa" lagako duela. Kale agerraldia egin zuten Ahal Dugu alderdiko Jone Cisnerosek, Batzar Nagusietako batzarkideak, Juantxo Iturria alderdiko bozeramaileak eta Fernando Iglesias diputatuak salaketak egiteko.

Hala, gaineratu dute "Europear Batasunaren birziklatzeari eta berreskuratzeari dagozkion baldintzak betetzen badira 2020rako, azpiegitura hori alperreko eraikina" izango dela, eta batez ere, gure zaborren "kudeaketa tasen pribatizazioa ekarriko" duela, "enpresa pribatu batek" erabakiko dituelako, eta "beste behin erakundeak herritarrengandik aparte dauden entitateen zerbitzura dauden organizazio" bihurtuko direla, "kontrol sozial barik". (…) Erabat frogatuta dago zerbitzu publikoen pribatizazioak bakan batzuk aberastea dakarrela, gehiengoaren kalterako".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak