Ogasunak argitaratu ditu dagoeneko errenta aitorpenaren gaineko lehenengo edukiak

Leire Kortabarria 2016ko mar. 18a, 17:03
Errenta aitorpenaren kanpainaren logoa.

Errenta aitorpen kanpaina apiril erdialdean hasiko da; hain zuzen, apirilaren 11 izango da autolikidazio proposamenak onartzeko lehen eguna, eta 18a, aitorpen mekanizatua (bulegoan) aurkezteko lehen eguna. Hala ere, ohi bezala, hilabete lehenago, Ogasunak ipini ditu dagoeneko argibideak bere webgunean. Beste eduki batzuen artean, data garrantzitsuenak, iazko kanpainako datuak eta aitorpena egiteko liburuxka deskargatzeko aukera daude bertan.

Gaur argitaratu dira lehenengo edukiak, eta hemendik eta kanpaina hasi arte, edukiak gehitzen joango da Ogasuna. Horien gainean egoteko, nobedadeen harpidetza egiteko aukera dago, webgunetik bertatik. Honakoa da: www2.gipuzkoa.net.

Iazko azaroa ezkero webgunean dauden laguntza-programak erabilita, norberaren aitorpenaren simulazioa egin daiteke eta emaitza zein izango den jakin.

Honakoak dira aurtengo kanpainako data garrantzitsuenak:

  • Autolikidazio proposamenak onartzea: apirilaren 11 eta ekainaren 25a bitartean.
  • Aitorpen mekanizatua eta Internet bidezkoa egiteko epea: apirilaren 18tik ekainaren 25a bitartean.
  • Hitzordua hartzeko epea: apirilaren 15etik ekainaren 6a bitartean.
  • Autolikidazio proposamena jaso baina onartu nahi ez dutenek apirilaren 19a ezkero hartu ahal izango dute txanda.

Webgunean lor daitezkeen informazio moten artean hauek daude:

  • Zergaren informazioa (aitortzeko obligazioa, banaka edo batera aitortzea, aitortu beharreko errentak, errenta salbuetsiak, hobariak, murrizpenak, karga tasak, kenkariak, etab…)
  • Laguntza programa
  • Dibulgazio gida-liburua
  • Araudia

Aurten, 200.000 proposamen baino gehiago

Aurreko urteetan bezala, 200.000tik gora proposamen prestatuko ditu Foru Ogasunak. Iazko kanpainan 213.444 proposamen onartu ziren, prestatutako 238.811 proposamenen %89,4. Iaz onartu ziren proposamenak aurkeztu ziren aitorpenen erdiak baino gehiago izan ziren (% 57,2).

Proposamenaren emaitza bankutik helbideratuta ordaindu edo kobratuko da, dagokionaren arabera. Proposamenean helbideratze kontu bat sartuko du Ogasunak, baina posible izango da hura aldatzea proposamena onartu baino lehen.
Iaz bezala, proposamena onartzeko prozesuan zehar kontzeptu hauek aldatu ahal izango dira:
    •    etxebizitza errentan emateagatik lortutako etekinak.
    •    kuota sindikalaren kenkaria.
    •    dohaintzen kenkaria.
    •    ohiko etxebizitza errentan hartzeagatik aplikatutako kenkaria.

Gainera, aurreneko aldiz, hauek ere aldatu ahal izango dira:
    •    lokalak errentan emateagatik lortutako etekinak.

Apirilaren 1a inguruan jakin ahal izango da proposamena jasoko duen norberak

Proposamenak telefonoz zein internet bidez onartu ahal izango dira. Internet bidez onartzen badira, onarpenaren unean eskuratuko da aitorpena aurkeztu izanaren frogagiria. Telefonoz onartuz gero, frogagiria postaz jasoko da, onarpenetik egun batzuetara.

Lehen aldiz, proposamena onartzeko unean, posible da zerga helbidearen aldaketa jakinaraztea.

Beste berritasun bat da aukera ematen dela adierazteko ez direla postaz jaso nahi Ogasunak hurrengo kanpainetarako presta ditzakeen autolikidazio proposamenak. Kanpaina hasi baino astebete lehenagotik, beti ikusi daiteke proposamena interneten.

Aurreko urteetan bezala, kanpaina hasi aurretik, proposamena interneten egongo da ikusgai. 2016/04/06ko data aurreikusi da horretarako. Berrikuntza gisa, 2016/04/01 inguruan jakin ahal izango da proposamena egin dion norberari Ogasunak edo ez.

Kuotaren %0,7, giza-helburuei, elizari edo biei

Bestalde, kuotaren %0,7 zertara bideratu nahi den esateko hiru aukera izango dira, baina iazkoaren aldean aldaketak daude. Hala, iaz honako hiru aukerak zeuden:
-Sektore publikoa
-Interes sozialeko beste helburu batzuk
-Eliza Katolikoa.

Aurten, honako aukerak egongo dira:
-Eliza Katolikoa
-Interes sozialeko beste helburu batzuk
-Biak

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak