Familiek konfiantza txikiagoa dute ekonomian, baina baikorrak dira enpleguari dagokionez

Leire Kortabarria 2016ko mar. 17a, 08:00

Euskal kontsumitzaileen konfiantzak behera egin du pixka bat 2015eko azken hiruhilekotik 2016ko lehenengora, Laboral Kutxaren Ikerketa Departamentuak egin berri duen txostenaren arabera. Txostena martitzenean aurkeztu zuten eta, hor jasotzen denez, kontsumitzaileen konfiantza-indizea -7 da orain (3 puntu gutxiago), eta enpresenak ia berdin jarraitzen du: 55,3 puntu, 0,1 gutxiago.

Txostenak neurtzen du, batetik, herritarren konfiantza maila eta, bestetik, enpresena. Ondorioa da “konfiantza orokorrak okerrera egin” duela, Laboral Kutxaren arabera. Bi multzoek enpleguaren gaineko ikuspegi baikorra dute, baina ez dute “erosketa nabarmenik egiteko asmorik” urtean zehar, hala nola etxebizitza edo ibilgailua.

Familiak, "eszeptikoak"

Familien kasuan, Laboral Kutxako Ikerketa Departamentuak argitaratutako konfiantza-indizeari buruzko txostenaren emaitzek alderdi positiboak jasotzen dituzte datozen 12 hiletarako, bai enpleguaren bilakaerari dagokionez (nahiz eta aurreko hiruhilekoaren aldean okerragoa izan), bai prezioei dagokienez. Hala ere, euskal familiek "eszeptizismoa ere azaldu dute ekonomia orokorraren hobekuntzari buruz" eta aurrezteko duten gaitasunari buruz. Gauzak horrela, etxeko diru-sarrerei lotutako aldagaiekiko konfiantzak ezak eragotzi egiten du kontsumitzaileek erosketa nabarmenak egiteko erabakia hartzea: etxebizitza eta automobila, batez ere.

Industriaren konfiantza-indizeari dagokionez, galdetutako enpresek nolabaiteko baikortasuna agertu dute 2016ko bigarren hiruhilekoari begira.
 
Hala, merkataritza-eremuan adierazitako konfiantza ez dator bat etxeetan lortutako emaitzekin. Aitzitik, ingurune ekonomikorako aurreikuspen onak islatzen ditu, fakturazioari buruzko aldeko espektatibetan oinarrituta; izan ere, jardueraren igoerak fakturazioa handituko duela aurreikusten da.

Ikerketaren konklusioak hiru hilean behingo azken inkestan jasotako iritzietan oinarritzen dira. Euskal Autonomia Erkidegoko 400 industria-enpresari baino gehiagori bidali zitzaien inkesta, aurreko hiruhilekoan haien negozioak nola zeuden eta hurrengo hiruhilekoari begira zer aurreikusten zuten galdetzeko.

Fakturazio handiagoak salmenten hazkundetik datoz, ez prezioen hazkundetik

Laboral Kutxak azaltzen duenez, “enpresen eta etxeen ikuspegien arteko desberdintasunak badu izateko arrazoirik”. Hala, enpresek 2016ko bigarren hiruhilekorako espero duten hobekuntzaren eragileak jarduera eta fakturazioa dira; baina fakturaren gorakada salmenten hazkundetik etorriko da, ez prezioen igoeratik. Aitzitik, Laboral Kutxaren arabera, “kontsumitzaileek ez dute oraindik etorkizuna argi ikusten, eta zalantzak dituzte bilakaera ekonomikoari eta aurrezteko duten gaitasunari buruz”.

Enpleguari dagokionez, konfiantza-indizea +1 da, indarra galdu du (portzentajezko 5 puntu gutxiago).

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak