Egipto, estatu poliziala

Ane Irazabal 2016ko mar. 15a, 08:35
Protesta ekitaldiak Giulio Regeniren heriotza salatzeko eta argitzea eskatzeko. (Argazkiak: AFP).

Imajinatu istorio hau. Cambridgeko unibertsitatean badago 28 urteko mutil italiar bat, nazioarteko politikan aditua. Doktoretza ikasketak egiten ari da eta beka bat ematen diote Egiptoko sindikatu independenteen historia aztertzeko. Gazteari aukera paregabea iruditzen zaio eta pozik onartzen du proposamena. Biziki miresten ditu Hosni Mubarak diktadorearen aurka altxatu ziren Egiptoko herritarrak.

Baina Kairora iristean, ezer ez da dirudiena. Unibertsitateko lankideek ongietorri hotza egiten diote: "Kontuz, ez zaitez mugimendu politikoetan gehiegi nahastu". Gaztea sindikatuetako ordezkariekin batzen da eta inork ez du hitz egin nahi. Beldur dira. Hilabeteak aurrera doaz eta ikasleari zaila egiten zaio ikerketa amaitzea. Bera ere beldurtzen hasia da, espiatu egiten duten susmoak ditu. Egun batean, lagun batzuen festara bidean, segurtasun indarrek atxilotu egiten dute, eta hil arte torturatu. Ikaslearen gorpua errepide bateko arekan botatzen dute.

Hollywoodeko film baten gidoia? Ez, errealitate hutsa. Gaztearen izena Giulio Regeni da eta bere hilketak hautsak harrotu ditu. Egiptoko erregimen militarraren krudeltasunaz asko daki Mohamed Abdeen ekintzaile ezagunak: "Izugarria da Regeniri egin diotena; zoritxarrez, eguneroko kontu bat bilakatu da Egipton. Atxiloketa arbitrarioak, torturak, hilketak, estatu polizial batean bizi gara. Ahots kritiko guztiak isilarazi nahi dituzte", uste du.

Kasualitatea izan edo ez, Mubaraken aurkako iraultzaren bosgarren urtemugan hil zuten Regeni. Data sinbolikoa eta balio handikoa. Bost urte pasa dira egiptoarrek Mubarak bota zutenetik, eta demokraziak gutxi iraun du. Anaia Musulmanek hauteskundeak irabazi zituzten, baina haien aurkako estatu kolpearen ondotik Abdel Fata Al-Sisi jeneralaren garai iluna hasi zen.

2016an, berriz, gutxi dago ospatzeko. Egiptoarrak Mubaraken garaian baino okerrago daude. Errepresioak datu gordinak utzi ditu. 2013a ezkero segurtasun indarrek 4.000 egiptoar baino gehiago hil dituzte eta 1.200 pertsonaren arrastoa galdu da. Gehienak ekintzaile politikoak dira. Amnesty International erakundeak jasotako lekukotasunen arabera, kartzela sekretuak daude Egiptoko eremu militar askotan. Hori gutxi balitz, erregimenarekin kritikoak diren ehunka gobernuz kanpoko erakunde eta hedabide itxi dituzte.

Al-Sisiren erregimenak inpunitatez jokatzen du, gainera. Nazioarteko komunitateak zilegitasun osoa eman dio. Bada, kaosean erortzen ari diren gainontzeko herrialdeen aurrean, Egiptok egonkortasuna ordezkatzen du. "Washingtoni eta Bruselari bost axola zaie Egipton demokrazia dagoen ala ez", salatu du Abdeenek. Estatu Islamikoaren aurkako borrokan ezinbesteko aliatu bat da mendebaldearentzat.

Halere, Regeniren kasuak kontzientziak astindu ditu eta justiziaren aldeko aldarrikapena berreskuratu du. Gazte italiarraren familiari hamaika traba jarriko dizkiote egiaren bidean. Erregimeneko estamentu guztiek elkar babesten dute eta ziur aski ez dituzte hiltzaileak aurkituko. Regenik iraultzaren olatua berpiztu du, ordea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak