Mondragon Korporazioa eta MU CO2rik gabeko hiriak sortzeko proiektu baten partaide

Josu Bilbao 2016ko mar. 14a, 11:17

SmartEnCity proiektu europarrean parte hartzen duten hirietan datuak eta balioak biltzeko plataforma diseinatu eta abian jarriko dute, besteak beste, energia-kontsumoari eta CO2 isurketei buruzko informazioa jasotzeko.

Karbonoaren aldetik (CO2) neutroak izango diren hiri adimendunak sortzea da ekimenaren helburua. Mondragon Unibertsitateak eta Mondragon Korporazioak diseinatutako eta abian jarritako plataformak web-zerbitzuen bidez egingo du lan, ahalik eta estandarrena eta elkarlanerako erabilgarriena izateko asmoarekin.

Horizon 2020 I+G+b programaren esparruan, Hiri eta Komunitate adimendunak europar programaren barruan eramango dute aurrera SmartEnCity ekimena. Energia-eraginkortasuna, mugikortasun iraunkorra eta IKTen (informazioaren eta komunikazioaren teknologien) erabilera hobetuko duten ekintzen bidez herritarren bizi-kalitatea hobetzea da egitasmoaren xedea. IKT aplikatuak bizi-kalitatea hobetzeko erabiliko ditu, hain zuzen, Mondragon Unibertsitateak, Mondragon Korporazioak eta Unibertsitateko Goi Eskola Politeknikoak diseinatu eta abian jarritako plataforma globalaren bidez, SmartEnCity proiektuan partaide diren hirietan hainbat datu eta balio bilduko dituzte lau urtez. Energia-kontsumoaren edota CO2 isurketen inguruko informazioa jasoko dute, besteak beste.

Gasteiz, lehen euskal Smartcitya

Proiektuak honako helburu hauek lortu nahi ditu Gasteizen:

- Koroatze auzoa: etxebizitzetako energia-eskaria gutxitzea birgaitze energetikoko proiektuen bidez.

- Koroatze auzoa: auzoko berogailu-sistema sortzea energia berriztagarriak erabiliz.

- Elektromugikortasuna: Hiriko mugikortasun iraunkorra bultzatzea ibilgailu elektrikoen eta hiri-logistikarako konponbide kolektiboen bidez.

- Energia-kontsumoak monitorizatzeko eta kudeatzeko plataforma: IKTak erabiltzea proiektuan abian jarriko diren sistemak kontrolatzeko eta horien segimendua egiteko, baita horien eraginkortasuna hobetzeko ere.

- Hiritarrek proiektua zehazten parte hartzea.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak