"Oso pozik gaude, jendeak eman digun erantzunarekin. Gure kalkuluen arabera, 400 pertsonatik gora egin dute elkarrekin Aretxabaletatik Eskoriatzarako bidea oinez. Parte hartzaileen %80a emakumezkoak izan dira, eta poztekoa da hori, baina gizonezkoen parte hartzea ere txalotu gura dugu, emakumeendako martxa bat baino berdintasunaren aldeko martxa bat egitea izan dugu-eta hasieratik helburu. Arazo barik eta giro onean egin dute bide guztia. Aurten oinez egiteko proposamena egin dugu baina gaurko harrera ikusita datorren urtean ere antolatuko dugu, eta baliteke kategoria edo modalitate ezberdineko martxak edo ibilaldiak antolatzea", azaldu du martxaren bukaeran Lander Goikoetxeak, Aresko Saskibaloi Eskolako koordinatzaileak.
Emakume kirolarien ordezkari
Kirolarekin harreman zuzena eta estua izan duten bi emakume omendu dituzte Areskon. "Matilde Garai eta Garbine Uribe oso aproposak iruditu zitzaizkigun. Garaik atletismoan jardun zuen urte askotan, emakume atleta asko ez zeuden garaian. Lortu zituen garaipenak ere itzelak izan ziren, besteak beste, 1973an Espainiako txapeldunordea izan zen 800 metrotan. Garbiñe Uribe, berriz, mendizaletasunean nabarmendu da bereziki. Lan asko egin dute biek ala biek eta hori nabarmentzeko aprobetxatu dugu gaurko eguna", kontatu du Goikoetxeak.
Omenduek gustura baina, era berean, urduritasunez jaso dute omenaldia. "Asko eskertzen dut nitaz gogoratzea. Ohore bat da, baina, era berean, erantzunkizun handia ere bai; izan ere, isiliean lan handia egin duten emakume kirolarien ordezkariak gara gaur gu. Antolatzaileei mila esker, baina eskerrik asko era berean, seme-alabak kirola egitera bultzatzen eta laguntzen duzuen guraso guztiei", azaldu du Matilde Garaik.
Bide beretik jardun du Eskoriatzakoak: "Ez nuen beharrik ikusten niri omenaldirik egiteko. Herriaren alde askok egiten dute, batzuk kiroletan eta beste batzuk, beste arlo batzuetan. Pozik nago baina gaur horrenbeste jende bildu delako kirolean ere berdintasuna aldarrikatzeko".