Aretxabaletako estiloa Tabakaleran

Mirari Altube Arrese 2016ko mar. 12a, 09:00
Tabakalerako uniformea duten bi lagun. Argazkilaria: Iker Iglesias.

Donostiako Tabakalera kulturguneko langileek Katalin Antxia Abasolo (Aretxabaleta, 1988) diseinatzaileak egindako jantziak daramatzate. Gaur egun Bordelen bizi den gazteak oso gustura jardun du lanean haiendako.

The Modubat markaren sortzaileak jakinarazi du Tabakalerako arduradunen gonbidapena jaso zuela: "Gustuko zutela nire lana eta buruan zuten proiektu baterako linea hori bera nahi zutela esanaz jarri ziren harremanetan". "Pozik" eta era berean "ardura handiarekin" hartu zuen berria: "Zalantzak ere izan nituen, markari begira, batez ere. Horregatik, garbi nuen The Modubateko lan bat izango zela, ez Katalin Antxiarena. Eta markaren ekoizteko modu berbera, diseinu berdinak, filosofia bera, muturreraino eroan ditut", gaineratu du.

Amantalak berritasun

Batetik, egin ditu Tabakalerako informazio-guneetako langileendako alkandorak; emakumeendako eredu bat eta gizonezkoendako beste bat. Eta bestetik, martxoaren 18an zabalduko duten Ubik sorkuntza liburutegiko langileendako txalekoak eta amantalak: "Apustu apurtzailea zen azken hori. Asko gustatzen zaidan jantzia da amantala, baita kalerako ere. Horregatik iruditzen zitzaidan aurrerakoia zela emakumezkoari hain lotua egondako hori mutilentzat diseinatzea, eta, aldi berean, etxetik atera eta Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroan erabiltzea. Erabateko onarpena izan du, eta joko handia ematen du zentzu guztietan".

The Modubat markak egiteko modua du, hain zuzen ere, bereizgarri: "Oihal ekologikoak erabilita egin ditugu diseinuak. Serigrafien pinturak ere GOTS ziurtagiridunak (ekologia eta lan soziala egiaztatzen duena) dira. Eta baita produkzioa bera ere, baztertuak izateko arriskuan dauden emakumeekin lan egiten dut eta. Horiek trebakuntza jasotzen dute lan munduan sartzeko", argitu du, eta diseinuak ere ondo zaindutakoak direla dio: "Materialetan oinarritzen ditut beti diseinuak. Material zainduak eta bakarrak dira, soilak; hortaz, diseinuak ere horrelakoa behar du izan: minimalista, klasikoa, erosoa, egunerokoa...".

Europa iparraldera zabaldu

The Modubat markaren ibilbidea ez da luzea, baina ikusi du nazioartean egon beharra dagoela aurrera egiteko: "Europa iparraldera salto egin gura dut. Nire merkatua Alemanian dago, herrialde eskandinaviarretan, Frantzian... Hori ezin da ukatu. Eta gurago dut moda jasangarria eginaz kanpoan egon, moda konbentzionala eginaz hemen egon baino. Hori da egin nuen apustua, eta horrek bete egiten nau". Hala ere, beti Euskal Herrian jarrita begi bat: "Adar bat hemen izan nahiko nuke, badakidalako hemen ere aurrera egingo duela moda jasangarriak; jendea hasi da material ekologikoak dituen onuraz jabetzen eta ekoizteko moduaz hausnartzen".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak