Mari Carmen Gallastegi: "BPGa ezin da ongizate-adierazle bakarra izan eta onena ere ez da"

Jon Berezibar 2016ko mar. 11a, 09:56

Mari Carmen Gallastegi ekonomialari eta Jakiunde akademiako kideak koordinatu du gaur Donostia 2016ren baitan XXI. mendeko ekonomia eta ingurumen erronkei eskainiko dieten jardunaldia. Galerak galera, ez du ikuspegi erabat ezkorra bergararrak.

Nola liteke, paradoxikoki, aldaketa klimatikoak kalte ekonomikoa dakarrela berresten den heinean, edozein neurri, interes ekonomikoak tarteko, oztopatu egiten dela?
Sarri eman lezake ekonomia eta ingurumena elkarren lehian daudela. Batetik, edozein ingurumen aktiboren kontura hazkundea baizik ez da bilatzen eta, bestetik, badakigu aldi berean aktibo horiek suntsitzen dihardugula. Orain, kalteen egokitzapen lanetan sekulako dirutza xahutu behar dugu: mareak geroago eta altuagoak direlako, ibaiek uholdeak maizago eragiten dituztelako, beroaldi zein hotzaldi sarriagoak… Klimak ez du guk uste bezala jokatzen eta horrek arazoak eragiten ditu, baita ekonomikoak ere.

Ziurgabetasun betean bizi al gara?
Zalantzaz jositako esparruak dira ekonomia eta ingurumena. Ekonomia ez da zientzia zehatza eta planetaren portaera ere ezin da aurretiaz zehaztasunez jakin. Batean zein bestean, epe ertain eta luzerako joerei egin behar zaie kasu. Gakoa, ekonomia eta ingurumena, biak bateragarri bilakatzean dago.

Pentsaera aldaketa bat dakar horrek?
Epe luzerako bisioa izan behar da. Epe laburrera begiratuz gero, beti lehenetsiko dugu irabazi ekonomikoa ingurumenaren zaintzaren gainetik. Epe ertainerako bisio batekin, gutxienez, bermatu beharra dago halakorik ez dela gertatutako eta bisio horrek datozen belaunaldien ongizatea hartu behar du aintzat. Kontua ez da hazkunde gehiago izatea baizik eta hazkunde hobea lortzea. Horretarako sortu zen hazkunde jasangarria kontzeptua: hurrengo belaunaldiari aktibo naturalen aberastasun berdina uztea bermatuko duen hazkundea.  Honek gainera ez du esan gura mozkinak, enplegua ala soldatak sakrifikatu beharra dagoenik. Honek eskatzen duena da guztia hobeto ulertzea eta ekonomistek gure modeloetan aktibo naturalei balio bat ematea. Cowboy-aren ekonomia-ren modeloarekin egiten da lan gaur egun, uste dugu limiterik gabeko lursail zabal baten bizi garela, behar izenez gero limite horiek zabaltzen joan gaitezkeela eta gainera hondakinak suntsituz, nahi duguna eginez. Mundu-ikuskera hori amaitu da eta ontziaren ekonomia delako ikuspegiarekin egiten da lan. Ekonomia horretan, baliabide mugatuak ditugu, untzi baten aurkitzen gara eta ezin ditugu aktibo naturalak nahierara erabili, bestela, behar ditugunean ez dira egongo. Ikerkuntza eta hezkuntza dira zutabeak ikuskera honetan.  

Hazkunde jasangarria aipatu duzu zuk. Askok, ordea, diote hazkundea bera, edozein eratakoa, ezinezkoa dela, biziraungo badugu, murriztu beharra dugula, des-hazkunde-rantz abiatu. Nola ikusten duzu planteamendu hau?
Ez nator bat, garapen jasangarria posible da. Ezin dena da pentsatu, zenbat eta gehiago hazi, hainbat eta hobeto. Mentalitate hori da ezinekoa dena, Barne Produktu Gordinaren ehunekoei begira egotea. BPG-a, zalantzarik ez, ongizatearen adierazle bat da baina ez onena eta BPGak ez du zertan beti hazkundea eta garapena adierazi. Hori egia da baina hortik des-hazkundearen teoria baterantz jotzea ez zait egokia iruditzen. Zentzuzko hazkunde baterako teoriara jo behar da, hazkundeak garapena esan nahi duen marko bat, eskutik ongizatea dakarrena. Ikuskera horretan hazkunde fluxuez beharrean, stock-ez hitz egin behar dugu. Zein da gizarte baten osasun stock-a? Zein da hezkuntzarena? Berrikuntzarena? Ekonomialariek aspalditik darabiltzaten ikaspenak dira horiek. 

Egungo egoeraren erretratua egiteko eskatuz gero, zer esango zenuke jada betirako galdua dela eta zer oraindik salba daitekeena?
Bizitza honetan konponezina den gauza bakarra heriotza dela uste dut. Ni ez naiz ezkorra. Geroago eta begetariano gehiago dago, gehiago zaintzen da dieta animaliek eta naturak ez dezaten hainbeste sufritu... Teknologiaren aurrerabideak ere asko lagunduko duela uste dut. 

Galerak egon dira, noski. Amazonia galbidean da, esate baterako. Etxean ere izan ditugu galerak, urrun joateke. Debaren arroa ez da inondik inora guk umetan ezagutu genuena, izugarri aldatu da, enpresaz josita dago. Baina uste dut ikasi dugula lezioa eta gauzak beste era batera egin behar direla konturatu gara. Gainera, ez dut batere atsegin ikuspegi ilun ezkor hori; galpenari buruzko ikasbide moralez betetako kontakizun horiek. Uste dut gauzak birziklagarriak eta errekuperagarriak direla eta berreskurapenaren filosofia horretara jo behar dugula, zaintzara. 

Ingurumenari egiten zaion kaltea, baina, ez da txikikeria, ezta?
Klima aldaketaren eragina itzela da, zalantzarik ez. Oraingo astean Munduko Ekonomia Foroak erronka eta arrisku nagusien mapa mundi-a argitaratu du. Estatu Batuetan, adibidez, arrisku larri moduan jartzen ditu eguraldiaren muturreko fenomenoak eta Europan, ordea, emigrazioak izango dira arazo nagusi, gerrek eragindakoak, ez ingurumen aldaketak. Etorkizuna kinkan, gertaera horiek jarriko ei dute. Ematen du, ia in extremis, baina arreta jartzen hasiak garela eta Parisko Hitzarmenekoak errespetatuko ez baziren, oso bestelakoa zatekeen egoera eta amildegian geundekeen jada. Ni ez naiz ezkorra eta uste dut giza-generoak – sarri azken orduan eta suarekin jolastuz – pentsamenduren eta berrikuntzaren bitartez, galeretatik errekuperatzen jakingo duela. Gerrekin bezala gertazen da. Asko galdu da gerretan, sarraskiek jarraitzen dute, eta piztuko dira berriak baina espero dezagun aurreko mendeetan bezain odoltsuak ez izatea. Ingurumen kontuetan ere ikasten gabiltzala uste dut. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak