Imanol Biain: "Onurak eta kalteak ekarri dituzte azken hotzaldiek naturaren zikloan"

Josu Bilbao 2016ko mar. 9a, 10:14
Imanol Biain.

Oñatiko biologoak, azken asteetako hotzaldi eta euriteek naturaren zikloan izan duten eragina azaldu du. "Negua itzuli da eta aurreratuta zegoen naturak atzerapausoa eman du. Oraindik aurreratuta ez zihoanari, ordea, astia emango dio errekuperatzeko".

Negu giroa berandu heldu da Debagoienera. Horrek naturan ondorio zuzenak izan ditu?

Batzuei mesede egin die. Landara batzuk jada ernalketan hastera zihoazenak, hotz honekin berriro gelditu dira, eta euren ziklo naturala mantenduko dute eta negua bukatu arte ez dira ernalduko. Horiei hotzaldi hau oso ondo etorri zaie. Ziklo naturalaren barrura bueltatuko dira. Oraindik neguan gaude. Egutegiari begiratzen badiogu oraindik bi aste gelditzen dira, eta gure inguruan, gainera, udaberria askotan hotza izaten da.

Beste batzuek ordea, loraldian zeudenak, loreak galduko dituzte seguru aski. Zenbait arbolek fruitu gutxiago emango dute, polinizatzen hasita zeuden intsektuak hotzaldiak harrapatu ondoren, eta batzuek loreak galduko dituzte. Horregatik batzuei kalte egingo die ere.

Tximeleta batzuk ere esnatuta zeuden. Batzuk biziraungo dute, eta beste batzuk hil egin dira. Jaiota zeuden belar batzuk ere hil egin dira adibidez. Denendako, beraz, ez da berdina izan hotzaldi hau. Batzuei mesede egin die, eta beste batzuei kalte.

Hotzaldi eta euriteek ziklo naturalak eten dituzte?

Azkenean zorte kontua ere da. Natura baldintza onak daudenean aurrera joaten saiatzen da: ugalketa prozesuak hasten edo loraldiak eta kumaketak hasten. Orduan hotzaldiak loraldi erdian harrapatzen badu espeziea, berriro jauzi egiten dira. Txori batzuk ere habiak hasita zeuden. Arrautzekin edo kumeekin harrapatu badu baten bat, hotzaldiarekin hil egingo ziren ia ziur, ez dutelako janaririk aurkitzeko modurik.

Hotz kolpeak animaliak desorientatu ditu?

Negu-pasa egiten duten animaliendako martxoa udaberriaren hasiera izaten da, nahiz eta oraindik negua izan. Eguna asko luzatzen ari da, eta negu-pasa ez badute egin orain arte, jada ez dute egingo. Animali txiki batzuk, muxarra adibidez, negu-pasa luzea izaten dute eta egun honetako hotzaldiek, euren negu-pasa luzatuko dute, agian hilabete bat gehiago. Sagu-zaharrak adibidez, urtarrilean eta otsailean esna ibili dira, eta agian hotzaldiak loaldi batean sartu ditu berriz ere. Janaririk ez badute alferrik irteten dira euren kobazuloetatik.

Negua ezohikoa izaten ari al da, nahiz eta azkeneko asteetan 'normaltasunera' itzuli den?

Negua oso oso biguna izan da. Nik ezagutu dudan bigunena. Natura bere zikloetatik irtenda egon da, eta ohikoagoa izan beharko litzateke azken hau. Hala ere, gure inguruetan ohikoa da udaberria ere hotza izatea. Martxoa eta apirila hotzak izatea, zoritxarrez azken urteetan ohikoa bilakatzen ari da. Beranduko eguraldi txarrak, hotzak euriteak... Horrek ere batzuetan kalte handiak eragiten ditu. Aurten, udaberria hain hotza ez izatea espero dugu. Ordainik beste hotzaldiren bat etortzen bada martxoan zehar ez da txarra izango, baina apirilera helduta udaberriko giroa hastea komeni da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak