Oraingoz, elurrak ez du gorabehera handirik sortu Debagoienean

Leire Kortabarria 2016ko mar. 6a, 10:38
Elosuako gaina, gaur goizean.

Eguraldi iragarpenek ohartarazi ez zuten arren, gaur goizean elur-ekaitzarekin esnatu da Debagoiena. Mendateak alde batera utzita, ohiko errepide sarean ez dago gorabehera handirik, Ertzaintzak zein udaltzainek konfirmatu duten moduan. Edozelan ere, kontu handiz ibiltzeko gomendatzen dute.

Oñatin, Aloña Mendiren futbol partiduak bertan behera geratu dira.

Bidali elurraren zure argazkiak 688 690 007 Whatsapp zenbakira!

Elur txikia dihardu 10:40 aldera oraindik kaleetan. Elur-ekaitza egin du goizeko lehen orduetan eta horrek alarma piztu du, baina "une puntuala izan da", Bergarako Udaltzaingoaren hitzetan.

Debagoieneko errepide-sare nagusian ez da arazo larririk izan eta nahiko ondo daude lotura-bide nagusiak. Lokatza, harri eta adar-erorketak egon dira; zorionez, ondorio larririk gabe. Elorregitik Arrasatera bidean, adibidez, adar batzuk eta lurra jausi dira bidera eta Ertzaintzak errei bat moztu du garbitzen ziharduten bitartean.

Errepideen eta mendateen egoera jarrai daiteke www.trafikoa.net webgunean. Mendate nagusiak itxita daude guztiz edo automobilendako ez beste ibilgailuendako itxita. Momentu honetan itxita daude Arantzazura bidea, Kurtzeta (autoek kateak behar dituzte eta beste ibilgailuak ezin dira ibili) eta Kanpanzar (egoera berbera). Elurra dihardu horietan eta elurra eta izotza daude bidean.

Deskargan, Elosuan, Arlabanen eta Pagatzan ibil daiteke, baina kontu handiz.

Herriz herri, dagokion protokoloa martxan da. Bide nagusiak garbitzen dihardute elur-makinekin, eta gatza botatzen ere. Udaltzainek ez dute abisu larririk ez aparte gorabeherarik atenditu behar izan.

Leintz Gatzagan errepidea, bai herrikoa bai errepide nagusia, "garbi-garbi" daudela esan dute herritarrek. "Hiru elur-makina daude eta garbitzen dabiltza".

Euskalmet-ek honako iragarpena egin du domeka goizean:

Domeka, hilak 6:

Elur-kota 500 m inguruan egongo da, ekialdeko zenbait puntutan baxuago; eguerditik aurrera 700-800 m-ra igoko da.
Zaparrada txiki-ertainak botako ditu, sarriago botako ditu eta ugariagoak izango dira egunaren lehenengo partean eta Kantauri isurialdean eta bertan baliteke trumoi-ekaitzak jotzea eta txingorra botatzea. Barnealdeko zenbait lekutan izotz txikia egingo du, mendi inguruetan bereziki.

Aurreikusitako lodierak gainontzeko orduetarako: 5-15 cm 1000 m-ra, 0-2 cm 600 m-ra, 0 cm 200 m-ra.

Astelehena, hilak 7:

Elur-kota goizaldean eta gauean 500-600 m inguruan kokatuko da, ekialdeko zenbait puntutan baxuago. Eguerdi partean 700-800 m-ra igoko da. Prezipitazio txiki-ertaina egingo du, sarriago egingo du eta ugariagoa izango da egunaren lehenengo partean. Kantauri isurialdean trumoi-ekaitzak jo eta txingorra botako du. ez. Izotz txikia egingo du barnealdeko zenbait tokitan, mendi inguruetan bereziki.

Aurreikusitako lodierak: 5-20 cm 1000 m-ra, 0-5 cm 600 m-ra, 0 cm 200 m-ra.

Martitzena, hilak 8:

Egunaren lehenengo partean elur-kota 500-700 m inguruan egongo da eta arratsaldean eta gauean 800-1000 m-ra igoko da.

Goizean zaparrada txikiak botako ditu, aukera handiagoarekin Kantauri isurialdean eta bertan zenbait lekutan ertainak izango dira, bereziki mendebaldean. Arratsaldean zehar atertzen joango da. Barnealdeko zenbait tokitan izotz txikia egingo du, mendi inguruetan bereziki.

Aurreikusitako lodierak: 0-15 cm 1000 m-ra, 0-5 cm 600 m-ra, 0 cm 200 m-ra.

Erlazionatuak

Elurra Debagoienean

Leire Kortabarria 2016 mar 06 Debagoiena

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak