Zerbitzu horren bidez, etxea galtzeko arriskuan dauden pertsonei laguntza eta aholkularitza “pertsonalizatua” eskaintzen die Aldundiak, beren eskubideak babesteko aukeratzen dituzten bitartekaritza jarduerak edo akzio legalak gauzatzerakoan.
Yolanda de Pablo abokatuak eskaintzen du aholkularitza juridikoa. Zerbitzu kontratu administratiboa sinatu zen harekin, urte baterako, eta 30.250 euroko kopuruarekin. Ekainean amaitzen da kontratua, baina zerbitzua legealdi osora zabaltzeko asmoa du Aldundiak, “are gehiago ikusita kasuak emaitza onekin kudeatzen ari direla eta lan bikaina egiten ari direla onuradunen mesedetan”.
Udalek parte hartzen dute
Gipuzkoa osora ailegatzea da zerbitzuaren helburua. Horretarako, hainbat bulego dauzka, eskualdeka banatuta. Zazpi profesionalek eskaintzen dute zerbitzua; guztiek dute eskarmentu praktikoa horrelako kasuetan, eta arlo honi lotutako plataforma eta mugimendu sozialetan aritutakoak ere badira. Udalen parte-hartzea ere azpimarratu du Lasak; izan ere, aholkularitza zerbitzuaren hartzaile izateko eskaerak lehen arretako gizarte zerbitzuen bitartez bideratzen dira. Hori dela-eta, martitzenean, Aldundiak laneko jardunaldia egin zuen Gipuzkoako udaletako 90 alkate, zinegotzi eta gizarte langilerekin batera. Lurraldeko 70 udalerri egon ziren bertan ordezkatuta.
Zerbitzua dohain da, eta baliabide gutxien duten eta kaltea izateko egoeran dauden pertsonei doa zuzenduta. Hala, onuradunek ezin dute diru-sarrera, aurrezki edo ondare muga jakin bat gainditu. Kasua prozesal aurreko fasean badago, orain arte eramandako kasu ia guztietan bezala, bere asistentzia juridikoa ordaintzeko baliabiderik ez duten pertsonak dira onuradunak. Prozesal fasean badago, berriz, doako justizia zerbitzuaren estalduratik kanpo geratu, eta aurreikusitako baldintza ekonomikoak gainditzen ez dituztenak izan daitezke arretako hartzaileak. Halaber, fede oneko zorduna den eta bere zorra ezin ordaindu izan duen hirugarren pertsona bati mailegua abalatu diotenek ere jo dezakete zerbitzura, baldin eta finantza entitateak egindako erreklamazioaren ondorioz etxebizitza hori galtzeko arriskuan badaude.