"Merkataritza-gune handirik ezin da ipini, zehazten diren erabilerak aldatu gabe"

Ubane Madera 2016ko ots. 26a, 15:12

Arrasateko Zabaleta eremuko plan berezia garatzeko Arrasateko Udalak Txomintxu promotorearengandik jasotako eskaeraren bueltan GOIENA paperean argitaratutako artikulua dela-eta, 2007-2011 agintaldian Arrasateko udal taldeak honako idatzi hau bidali du. 

"Otsailaren 12an GOIENA paperean kaleratu zen eta Interneteko atarian ikusgai dagoen Arrasate sarreran supermerkatu berria eraikitzeko asmoa, ate-joka berriaren gainean zuzenketa eta ekarpen bana egin nahi genituzke ohar honen bitartez. Aipatutako berri horretan, Maria Ubarretxenaren hitzetan, honako hau adierazten da: 'Plan Berezi horretan esaten da Zabaleta eremuan ze jarduera jar daitekeen eta ze jarduera ezin daitekeen jarri. Eta momentu honetan Zabaletan jar daitekeen jarduera bakarra da komertzioarekin eta elikadurarekin zerikusia daukan jarduera'.

Gaur egun indarrean dagoen Arrasateko Udaleko Egitamu Orokorrean Zabaleta esparrua 104 EU gune moduan agertzen da eta honela dio:

III Hirigintza helburuak:

  • Jarduera ekonomikoetarako lurzoru beharrei erantzuteko moduko esparrua sortzea
  • Hirigunean ezartzeko korapilatsuak diren merkataritza eta aisia jarduerendako kokalekuak eskaintzea , erabilerak eta azalerak mugatuz.
  • Eremu honetan 'trenbide zaharraren' ibilbide ez motorizatuaren luzapena

IV. Hirigintza erregimen xehatua
LURZORUAREN ERABILERA XEHATUA:
Erabilera nagusia: Industria jarduera ekonomiko arrunta.
Industria jarduera ekonomiko mistoa.
Erabilera erregimena: 48 eta 49 artikuluak
Baimendutako erabilerak: Bizitegi erabilerako landa eraikina (40.artikulua). Ekipamendu orokorra.
Beste erabilera batzuk, guztira 5.000m2ko azalera gainditu gabe:

  • Ostalaritza, goi mailako sukaldaritza
  • Hotela
  • Gimnasioa, sauna etab.
  • Diskoteka eta dantzalekuak.
  • 120m2-tik beherako lokalak, onartutako jarduerentzat. Adibidez, zerbitzu hauek: Kutxazain automatikoak, prentsa eta aldizkariak, fotokopia dendak eta antzekoak, farmaziak eta parafarmaziak, produktu naturalak saltzeko edo animaliekin eta osagarriekin zerikusia duten denda

Debekatutako erabilerak:

  • Industria astunak
  • Merkataritza gune handiak
  • Pertsonentzako eta etxerako ekipamenduekin zerikusia duten jarduera komentzialak.
  • Aisiari lotutako erabilerak, oro har: bolatokiak,makina zibernetikoak dituzten joko aretoak, billlarak eta antzekoak, haurrentzako jolas eremuak, haur parkeak etab.

Hau kontuan izanik, ezin da ondorioztatu supermerkatuak direla erabilera bakarrenetako bat, aurkakoa adierazten baita. Are gehiago, merkataritza-gune handirik ezingo da ipini gaur egun zehazten diren erabilerak aldatu gabe. Antolaketa eta erabilera hau 2007-2011 legealdian zehaztu zen, Txomintxu promotorearen eta Ibai Arte Arrasateko merkatari elkarteko ordezkarien artean adostu, Udaleko alderdi politiko guztiek aho batez onartu (EAJ, EA, PSOE, Ezker Batua –gero Alternatiba–/Zutik, PP, eta ANV) eta Hirigintza Aholku Batzordeak bere oniritzia eman ostean. Behin betiko onarpena 2011ko apirilaren 7an gauzatu zen. Aipatzekoa da aholku batzorde horretan, gaur egun hirigintza zinegotzi Ibon Arrupek parte hartzen zuela EAJren ordezkari bezala.

Gauzak honela, GOIENAn publikatutako informazioak eta hau adierazten duten protagonisten artean bera agertzeak harridura sortu digu. Bukatzeko, ekarpen bat egin nahi genuke. Bakoitzak jakingo du nola izendatu, irudikatu edota ulertzen duen udaletik egiten den lana, baina gure ustez legealdiak ez dira pertsona konkretu batenak, eta zentzu horretan, 2007-2011ko legealdia ez zen Ino Galparsororen legealdia izan. EAE-ANVko zazpi hautetsiek Ezker Batua/Zutik-eko hiru zinegotziekin osatu zuten udal gobernua lehen urtean, eta azken hiru urteetan EAE-ANVko zazpi hautetsiek gutxiengo nabarmenean".

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak