Goiena, komunikazio ez-sexistako kode bat betetzeko konpromisoa hartu dutenen artean

Josu Bilbao 2016ko ots. 26a, 13:38
Iban Arantzabal Goienako zuzendari nagusia, kodea sinatzen.

EAEko 51 hedabide eta publizitate agentziek sinatu dute kode deontologikoa, goizean, Lehendakaritzako egoitzan. Emakunderen barruan dagoen Begira publizitate eta komunikazio ez-sexista erabiltzeko aholku-batzordeak sustatu du dokumentua.

Lehendakaritzako egoitzan burutu den sinadura ekitaldian, Josu Erkoreka Gobernuko bozeramailea eta Izaskun Landaida, Emakudneko zuzendaria izan dira lekuko eta baita sinatzaile, 51 hedabide eta publizitate agentzietako ordezkariekin batera. Sinatzaileen zerrenda.

Kode deontologikoak indarrean dauden legearekin bat datozen konpromisoak biltzen ditu, hainbat arlotakoak:

  • Emakumeen eta gizonen arteko berdintasuna
  • Emakumeen aurkako indarkeria
  • Publizitatearen eta kazetaritzaren autoerregulazioko eta deontologia-printzipioak
  • Bazterkeria eza, emakumeen ikusgaitasuna eta aniztasuna
  • Estereotipoen desagerpena
  • Indarkeriarik gabeko bizitza
  • Erakundeetako enpresa-egituraren barneko berdintasuna.

Kazetaritza

Komunikazioaren atalean, hedabideek honako konpromiso hauek hartu dituzte: arlo eta eremu guztietan emakumeen protagonismoa sustatzekoa; emakume eta gizonen aniztasun osoa erakustekoa; elkarrizketetan eta artikuluetan emakumeei eta gizonei trataera bera ematekoa; emakumeen biktimizazioa baztertzekoa eta emakumeak gizarte-eragile aktibo gisa ere erakustekoa; albisteetan erakusten diren eragile aktibo gehienak gizonak izatea zuzentzekoa eta bi sexuei ikusgaitasun eta garrantzia zuzena ematekoa; emakumeen aurkitzen dituzten oztopoak eta arazoak eta gizartean betetzen dituzten rolak erakustekoa. Ez hori bakarrik, emakumeen gainean ematen den ikuspegia distortsionatzen dutelako, fisikoari, sexu-erakargarritasunari eta janzkerari buruzko aipamenak saihesteko konpromisoa ere hartu dute; eta era guztietako emakumeen eta gizonen gorputza erakustekoa, askotariko edertasun-ereduak sustatzekoa –ez bakarrik perfekzioan oinarritutakoak–, hizkuntza ez-baztertzailea eta emakumeak ikusezin egiten dituena ez erabiltzekoa eta genero-ikuspegia erantsita duten informazioa bultzatzekoa.

Publizitatea

Publizitateari dagokionez, agentzia sinatzaileek era guztietako gizonak eta emakumeak erakusteko konpromisoa hartu dute, hau da, askotariko rolak eta jokabideak dituztenak, estereotipoak alde batera utzita, hizkuntza ez-sexista erabilita eta emakumeen aurkako indarkeriarekin lotutako irudi eta adierazpen guztiak ukatuta. Halaber, askotariko edertasun-ereduak sustatzeko, emakumeen gorputzak apaingarri edo sexu-objektu huts gisa ez erabiltzeko, neskatoen sexualizazioa saihesteko eta emakumeak produktu farmazeutikoen edo osasunarekin lotutako produktuen hartzaile nagusi ez erakusteko konpromisoa hartu dute.

Azkenik, gizarte-talde gutxituak edo baztertuak ordezkatzeko konpromisoa hartu dute, baita sexualitate guztiak jasotzen dituzten mezuak erabiltzekoa ere, alegia, jarrera lesbofoboak, homofoboak eta transfoboak transmititzen dituzten edukiak saihestekoa.

 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak