Imanol Lasa foru bozeramaleak jakinarazitakoaren arabera, orain arte hamar kasu kudeatu dira guztira, eta guztietan exekuzio hipotekarioa saihestea lortu da.
Zerbitzu honen bidez, etxea galtzeko arriskuan dauden pertsonei laguntza eta aholkularitza pertsonalizatua eskaintzen die Aldundiak, beren eskubideak babesteko aukeratzen dituzten bitartekaritza jarduerak edo akzio legalak gauzatzerakoan.
Gipuzkoa osora ailegatzea da zerbitzuaren helburua. Horretarako, hainbat bulego dauzka, eskualdeka banatuta. Zazpi profesionalek eskaintzen dute zerbitzua; guztiek dute eskarmentu praktikoa horrelako kasuetan, eta arlo honi lotutako plataforma eta mugimendu sozialetan aritutakoak ere badira. “Gure nahia oso argia da; Lurraldean ohiko etxebizitza galtzeko arriskuan dauden pertsona guztiei arreta eraginkorra bermatzea”, azaldu du Lasak.
Zerbitzua doanekoa da, eta baliabide gutxien duten eta kalteberatasun egoeran dauden pertsonei doa zuzenduta.
Udalen inplikazioa
Aholkularitza zerbitzuaren hartzaile izateko eskaerak lehen arretako gizarte zerbitzuen bitartez bideratzen dira. Hori dela-eta, asteartean, Aldundiak laneko jardunaldia egin zuen Gipuzkoako udaletako 90 alkate, zinegotzi, eta gizarte langilerekin batera. Lurraldeko 70 udalerri egon ziren bertan ordezkatuta.