20 eta 35 urte arteko gazte kualifikatuak (unibertsitateko tituludunak edo Lanbide Heziketako tituludunak) laneratzeko proiektua da Hazilan. Sortu nahi diren enpleguen %55 emakumeendako izango dira. Proiektuak 6.000.000 euroko inbertsioa du, 2014-2020 aldirako Euskadiko Programa Operatiboan kokatzen da eta Europako Gizarte Funtsak finantzatzen du % 50ean.
Kualifikatuak baina lana aurkitzeko zailtasunekin
Garapenen esanetan, kolektibo horrek, prestakuntza-maila handia badu ere, zailtasun handiak ditu lan-merkatuan sartzeko, bere lanbide-profilari lotutako esperientziarik ez duelako, batetik, eta enpresek eskatutako zeharkako konpetentzia eta gaitasunen jabe ez delako, bestetik. Hazilanen helburu nagusia laneratzea da, laguntza pertsonalizatuaren bitartez. HAZI proiektuari esker, garapen-agentziek etorkizuneko proiektuak dituzten enpresak zein diren jakingo dute, eta enplegu bat lortzeko behar dituzten baliabideak jarriko dituzte gazteen eskura, haien gaitasunak indartuz eta kudeatzen lagunduz.
Hazilanen lanak "enpresen benetako premiak ditu abiapuntu", arduradunek azaldu dutenaren arabera. Urte hauetan garapen-agentziek egiaztatu dutenez, enpresek pertsona ekintzaile eta sortzaileak behar eta eskatzen dituzte, laguntza beharrik ez duten pertsonak, komunikatzen eta taldean lan egiten dakitenak eta beren zereginak espero diren helburu eta emaitzen arabera kudeatzeko gauza direnak. Hazilanek konpetentzia horiek jasotzeko bidea erraztu nahi du, lan-eremuko esperientzia zehatz baten bidez, edo enpresak garatu nahi duen proiektuarekin uztartuz.
Norberaren ezaugarrietan oinarrituta
Hazilanek proposatzen duen metodologia ibilbide pertsonalizatu batean oinarritua dago, eta parte-hartzaileen ezaugarri pertsonaletara eta enpresek eskatutako proiektu profesionaletara egokitua egongo da. Proiektua zenbait baliabidetan oinarritzen da. Lehen fase batean, pertsonen aktibazioa bilatzen da, eta jarraian, proiektuaren arabera, ikasketa espezializatuak egiten dira, praktikak gauzatzen dira, edo enpresa-proiektuetan parte hartzen da.
Programan parte hartu nahi duten enpresa edo gazte guztiek webgunean lor dezakete nahi duten informazio guztia: www.hazilan.eus.