5,5 puntu hazi da gaikako bilketa Gipuzkoan, 2015ean

Josu Bilbao 2016ko ots. 23a, 09:45
Jose Ignacio Asensio ingurumen diputatua.

Gipuzkoako birziklapen tasa %42,4koa da, eta orokorrean, mankomunitate guztiek emaitzak hobetu dituzte.

Jose Ignacio Asensio, Ingurumen diputatuak, 2015eko gaikako bilketa eta birziklapen tasak jakinarazi ditu, mankomunitateek emandako datuak jaso ostean. Datu hauek, Aldundiko teknikariek aztertu eta landu dituzte, zorroztasun tekniko eta irizpide homogeneoen arabera.

Asensiok datuak oso positiboki baloratu ditu, hondakinen bilketa eta birziklapenaren hobekuntza nabarmena adierazten dutelako. Gipuzkoako birziklapen tasa %42,3koa da, eta Europak 2020. urterako ezarritako helburua %50koa da. Beraz, Gipuzkoa helburua lortzeko %7,7 puntura dago.

Beiraren kasuan 2020. urterako Europak ezarritako helburuak gainditu ditu lurraldeak eta paperean lortzear daude. Gipuzkoak dagoeneko hondakinen sorrera %10ean gutxitzeko helburua bete du eta bilketa indize kaskarrenak dituzten mankomunitateen emaitzak hobetzeko ahalegina egiteko konpromisoa hartu du Jose Ignacio Asensiok.

“Hondakinen bilketa eta birziklapen kuota nabarmena lortu dugu, eta frakzio batzuetan Europak 2020. urterako ezarritako helburuak gainditu ditugu, baina herritarren kontzientziazioa bultzatzen jarraitu behar dugu birziklapen emaitza handiena lortzeko, bio-hondakinaren eta ontzien bilketari arreta berezia jarriz, helburuetatik urrutien dauden frakzioak direlako”, azaldu du ingurumen diputatuak.

Ingurumen diputatuak beste datu positibo bat azpimarratu du ere, Gipuzkoan azken urtean 5,5 puntu handitu dela gaikako bilketa tasa orokorra, 2014an %43,44tik 2015eko %48,49ko emaitzara.

Mankomunitate guztietan gertatu da hazkundea Sasietan izan ezik, emaitza mantendu egin baita. Mankomunitateen arteko aldea ezarritako bilketa sistemaren ondorioa ez dela azaldu du Asensiok, gaikako bilketa sistema eduki edo ez edukitzeagatik baizik. Bosgarren edukiontzia, atez atekoa edo sistema mistoa duten mankomunitateen emaitzak argi eta garbi hobeak dira.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak