Erretiratuko diren langileen ordezkapenak 266.000 lanpostu sorraraziko ditu Euskadin datorren hamarkadan

Leire Kortabarria 2016ko ots. 22a, 15:00

Madariaga, Toña eta Gallastegi, Laboral Kutxaren txostena aurkezten.

Etorkizunean, lan aukerak honako aldeetatik etorriko dira: erretiratzen diren langileen ordezkapenetik; hurbileko zerbitzuetatik; eta emakumea profil teknikoetara hurbiltzetik. Horiek dira Laboral Kutxak egindako Enpleguaren gaineko ikuspegi sektorialak euskal ekonomian izeneko txostenak batzen dituen ondorioetako batzuk. Txostena gaur, astelehena, aurkeztu dute Bilbon.

Laboral Kutxak 11 hilabetean egin du esandako txostena, 150 orrikoa. Azterlana aurkeztu dute Laboral Kutxako Ikerketa Departamentuko zuzendari eta txostenaren egile Joseba Madariagak; Laboral Kutxako zuzendari nagusi Julio Gallastegik; eta Enplegu eta Gizarte Politiketako sailburu Angel Toñak.

Joseba Madariagak txostenaren edukirik garrantzitsuenak ezagutarazi ditu. Euskal ekonomiak azken hamarkadan izan duen jarduera ekonomikoaren eta enpleguaren eboluzioari buruzko azterketa sakona du abiapuntu. Hortik abiatuta, Euskadin epe ertainera eta luzera jarduera eta enplegua sortzeko sektorekako aurreikuspenak aztertzen ditu, nazioarteko eta, batez ere, Europako testuinguruan.

Txostenak datorren hamarkadan hazteko ahalmenik handiena eta enplegu-aukera onenak dituzten sektoreak identifikatzen ditu. Demografiaren ikuspegitik, biztanleria zahartzeak aukerak ekarriko ditu enpleguarentzat, lan egiteko adinean dauden pertsonak gutxitu egingo baitira. Estimazioen arabera, ordezkapen-eskariak (langileen erretiroagatik hutsik geratzen diren lanpostuak) 266.000 lanpostu sorraraziko ditu, eta hedapen-eskariak 36.000 lanpostu berri besterik ez.

Zentzu horretan, ezagutzaren ekonomiarekin eta iraunkortasunarekin lotutako “industria berria” (sektore “berdeak”, ekonomia zirkularra eta abar) aukera-eremu zabala izango da, gertuko etorkizunean, lanpostu berrientzat. Azken eskariaren hurbileko zerbitzuak ere hirugarren sektoreko lanpostuak sortzeko eremu garrantzitsua dira. Hala, hurrengo urteetan enpleguak gora egitea aurreikusten da pertsonentzako zerbitzuen sektorean. Izan ere, eskari handiagoa sortuko duten joera demografikoak eta sozialak gertatuko dira, eta eskaintza hobeto egituratzeko prozesuak haren garapena eragingo du. Adibidez, gora egingo dute etxeko arreta-zerbitzuen eskariak, osasunarekin eta kirolarekin zerikusia duten lanpostuek eta sorkuntza-sektoreari eta sektore digitalari lotutako lanbideek.

Industriak 65.000 lanpostu galdu ditu

EAE krisialditik ateratzeko dagoen abiapuntuko egoerari dagokionez, ikuspegi sektorialak hauxe erakusten du: industria-sektorea ahul dago, enplegu asko galdu du (65.000 lanpostu gutxiago 2008tik 2014ra bitartean), eta, ondorioz, Balio Erantsi Gordinari (BEGd) egin dion ekarpena jaitsi egin da. Ekonomiak tertziarizazio-zantzu nabarmenak ditu, baina sektoreen arteko mugak gero eta lausoagoak dira. Beherakadak oso nabarmenak dira sektore batzuetan, esaterako zapatagintzan, zurgintzan, arte grafikoetan eta metalgintzan. Zerbitzuek, berriz, hobeto egin diote aurre krisialdiari enpleguaren aldetik, batez ere hezkuntzaren, osasunaren eta gizarte-zerbitzuen alorretan.

Gainkualifikazioa eta sexuen araberako desorekak, arazo erantsiak
Biztanleria okupatuak gainkualifikazio-maila handia du. Prestakuntza eta kualifikazioa funtsezko elementuak dira enplegu iraunkorra bermatzeko, Europa osoan. Alde horretan, Euskal Autonomia Erkidegoko errealitatearen azterketak argi eta garbi erakusten du bitarteko kualifikazioa duten langileen beharra dagoela, EAEk gainkualifikazioari lotutako egiturazko arazoa baitu, krisiak areagotuta. Ondorioz, txostenak agerian jartzen du lanbide-orientazioko prozesuak hobetzeko premia, enpresen beharrei aurrea hartzeko eta, horrela, enplegu-eskaintzaren eta -eskariaren arteko desorekak saihesteko.

Sexuaren araberako kualifikazioaren analisiak datu esanguratsu bat erakusten digu: emakumeak ez dira industria-adarretara lerratzen, batez ere Lanbide Heziketako ikasketen esparruan. Ondorioz, emakumeak Lanbide Heziketako eta Unibertsitateko industria-adar batzuetan duen parte-hartzea handitzea izango da datozen urteetan aurre egin beharreko erronka.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak