Orokorrekoetan, Bizkaian ikasleen %51 ibili zen, Gipuzkoan %33, eta Araban %16. Antzeko ikasle kopurua izan zen zentro publiko eta pribatuetan, bi salbuespenekin: Lanbide Heziketan 10etik sei publikoetan ibili ziren; eta Helduen Hezkuntzan ia denak (10etik 9,8) publikoetan. Berezikoetan, ikasle gehiago publikoetan: Hizkuntzetan eta Dantzan, %100; gainerakoetan, %70.
18 urtetik gorakoen artean, Haur Hezkuntzan jaitsiera izan zen (%-1,1) bigarren urtez jarraian; jaitsiera duen irakaskuntza maila bakarra da. Derrigorrezkoetatik gora, Lehen Hezkuntzan (%2,2) eta DBHn (%2,7) hazkundeak izan ziren aurreko urteetako Haur Hezkuntzako gorakadengatik. Batxilergoan %1 handitu zen ikasle kopurua, aurreko urteetan bezalatsu. Gehikuntzarik handienak Helduen Hezkuntzan (%6,8) eta Hasierako lan-kualifikazio programetan (%4) izan ziren.
Lanbide Heziketan, matrikulazio-kopurua nabarmen hazi zen, bai maila ertainean (%3,7), bai goikoan (%3,3). Gorabeherekin, joera horixe izan da azken sei ikasturteetan.
Neskek Hizkuntzak eta Batxilergoa nahiago dute; mutilek, Batxilergoa, Goi Mailako Lanbide Heziketa eta Hizkuntzak.
Ez-derrigorrezkoetan (Batxilergoa, Hizkuntzak, Lanbide Heziketa), badago alderik sexu ikuspegitik, Batxilergoan izan ezik. Hala, Lanbide Heziketa mutilek dute, nahiago, %42k; nesken %25ek. Mutilen %60k espezialitate teknikoak aukeratzen dituzte: fabrikazio mekanikoa, elektrizitatea-elektronika, informatika eta komunikazioak. Neskek, antzeko proportzioan, prestakuntza soziala edo kudeaketakoa: osasungintza, zerbitzu soziokulturalak eta komunitaterakoak, administrazioa-kudeaketa. Hizkuntzetan, nesken %38 ibili ziren, eta mutilen %20.
Atzerritar gehienak, D ereduan
2014-2015ean, EAEn eta Orokorrekoetan 31.977 ikasle atzerritar (%8) aritu ziren. Bizkaian %7,5, Gipuzkoan %7,6, Araban %12. Atzerritar gehien izan ziren Hasierako lan-kualifikazio programetan (%32) eta Helduen Hezkuntzan (%39). Gainerakoetan %6-%9 bitarte. Atzerritarren %52 D ereduan ari ziren Gipuzkoan, %35 Bizkaian eta %29 Araban.
55 milioi diru laguntzatan
Bestalde, EAEko Administrazioak 55,2 milioi eman zituen diru laguntzatan 2014-2015ekoan (%2,5 gehiago aurrekoaren aldean), 126.621 ikaslerentzat (%31).
Lehen Hezkuntzan eta DBHn diru-laguntzarik gehien eman ziren, ikasleen %43rentzat. Hasierako lan-kualifikazio programetan ikasleen %47k izan zuen, eta Batxilergoan, %28k. Berezikoetan, gutxiagok.