Laburbirak, hiru geltoki Debagoienean

Aitziber Aranburuzabala Juldain 2016ko ots. 24a, 10:00

Hamahirugarren urtez ate-joka da Topagunea euskara elkarteen federazioak bultzatzen duen Laburbira. Euskarazko ikus-entzunezkoen sortzaileen lana ezagutzera ematea da zirkuitu ibiltari horren helburua. "Bidea ez da erraza, eta horretan laguntzea da gure asmoa, euskaraz ekoizten jarrai dezaten", azaldu du Itxaro Artolak, AEDko dinamizatzaileak. 

Hilaren 25etik martxoaren 20ra bitartean 27 herri bisitatuko ditu, eta hiru geltoki izango ditu Debagoienean: Bergaran, otsailaren 28an; Arrasaten, martxoaren 2an; eta Aretxabaletan, martxoaren 15ean. 

Zortzi lan aurtengo bilduman 

Ordubete inguruko iraupena duen aurtengo sortan askotariko genero eta estiloetako lanak daudela azaldu du aukeraketa lanetan jardun duen Itxaro Artolak. "Animaziozkoak, dokumentalak, artistikoak, fikziozkoak... denetik dago, eta bakoitzak bere puntua du. Hiru minutu ditu bildumako film laburrenak eta hamasei, berriz, luzeenak. Hainbat irizpide hartu ditugu lanak aukeratzeko orduan; besteak beste, genero ikuspegia, euskalkia, lurraldetasuna eta euskarekiko sentsibilizazioa lantzea". 

Debagoieneko sortzaileen lanak daude datorren astean abiaraziko duten bilduma berrian: Iker Azkoitia aretxabaletarraren Semeak eta MUko Ikus-entzunezko Komunikazio graduko ikasle talde batek egindako Jorrai, hain zuzen ere. Aipatzekoa da, era berean, Ane Urkiolak zuzendu duen Zea Bingo film laburreandebagoiendarrek jardun dutela produkzio lanetan, eta Anger taldeko kide Arkaitz Biainek egin duela musika. Hiru lan horiez  gainera, honako lan hauek osatzen dute aurtengo zortzikotea: Bere bizitzetako bat (Aitor Gametxo), Brunilda (Eriz Alberdi), Erreplika (Iñigo Gaiton), Fishura (Yago Mateo) eta Hartz txiki (The Arlotes, Uraitz Soubies).

Saritutako filmak ere bai

Askotariko istorioak kontatzen dituzte aktore famatuak edo ez hain ezagunak protagonizatutako lanetan. Umorezkoak daude, drama puntua dutenak ere bai, beldurrezkoak... 

Aretxabaletako Iker Azkoitiaren Semeak lanak bikote gazte baten gainean dihardu; izan gura duten seme-alabaren izenaz eta eman gura dioten hezkuntzaz iritzi ezberdinak dituzte. Halako batean, etxean istripua izango du bietako batek; ondorioz, bizimodua goitik behera aldatuko zaie. Kontseiluak eta Donostiako Zinemaldiak antolatutako Euskaraz bizi nahi dut sariketan profesionalen ataleko lehen saria eskuratu zuen irailean. "Guretzako oso sari garrantzitsua izan zen Donostiakoa. Laburbira zirkuituan egotea ere aukera ezin hobea da; jende askorengana heltzeko bidea errazten du. Sortzaile txikiok asko eskertzen dugu banaketa lanetan laguntzea. Ez gara jaialdi askotan izan, baina datorren astean Bilboko Zinegoak jaialdian aurkeztuko dugu", dio Azkoitiak.  

Topagunearen aurtengo Kameratoia lehiaketako irabazlea da MUko ikasle taldearen Jorrai lana. "Euskarazko kultur sorkuntzak urtero betetzen dituen aroak batzen ditu gureak. Durangoko Azokan eta Durangoko kaleetan grabatu genuen, abenduaren 7an eta 8an. Aktore lanetan euskal kulturgintzako aurpegi ezagunak eta Durangoko Azokara hurbildu ziren herritarrak daude. Elkarrekin egin dugun lehen laburra da, eta ikasleak izanik, sekulako ilusioa egiten digu gure lana zuzendari oso finen lanekin batera Euskal Herrian erakustea", kontatu du Ane Zuazubiskar taldeko kideak. 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak