Sei ordezkari debagoiendar izango dira Berdeago ingurugiro azokan asteburuan

Maite Txintxurreta 2016ko ots. 18a, 18:00
Iazko edizioko irudi bat (argazkia: Berdeago)

Arrasateko eta Bergarako hiruna enpresek standa jarriko dute Durangoko Landako gunean, ingurumenaren arloan egiten duten lana aurkezteko.

Bihar hasita eta domekara bitartean Durangoko Landako Gunean egingo duten Berdeago Euskal Ingurugiro Iraunkortasun azokaren laugarren edizioan. Make It Visual enpresak antolatu du, eta antolaketa lanetan dihardute Miren Fernandez eta Ander Iturriagagoitia bergararrek, Juan Zubiaurre eibartarrarekin batera.

Landako gunean iraunkortasunaren arlo desberdinetan lan egiten duten Euskal Herriko zein kanpoko 73 enpresak jarriko dute haien standa, eta interesa duen orori euren langintza azalduko die. Horien artean, sei  Debagoienekoak dira: Arrasateko Ekitermik (eraginkortasun energetikoa), Bietek (energia berriztagarriak) eta Ion Leihoak eta Bergarako Rebattery (baterien konponketa), Ixotu (LED argiztapena) eta Sabaitek (Sabai tinkatuak).

Inaugurazio ekitaldia 10:45ean egingo dute, esan bezala, bihar, egubakoitza. "Azken kontsumitzaileari zuzenduta dago azoka", azaldu du Juan Zubiaurrek, eta horregatik, antolatzaileek herritarrak animatu nahi izan dituzte bertatik pasatu eta antolatu dituzten ekitaldietan parte hartzera. Zubiaurrek gaineratu du epe luzera sektore profesionalarengana eta administrazio publikoengana ere iritsi nahiko luketela.

Babesleen artean ere bada Debagoieneko ordezkaririk: MCC taldeko Eroski supermerkatuak batetik, eta Oñatiko Ulma Architectural Solutions bestetik, laguntzaile moduan.

Hiru gune

Azoka osatuko duten stand horiez gain, ekitaldi desberdinak egiteko hiru gune ere izango dira. Batetik, Hitz Berdea izenekoa, non adituek hitzaldiak eskainiko dituzten. Hain zuzen, gune hortan izango da aurtengo ekitaldirik garrantzitsuena. Bihar, 09:00tik 13:00ra, 60 profesional izango dira han Passiv Hausei buruz solasean. Eraikitzerako orduan ahalik eta energia gehien aurreztea eta ingurugiroa ahalik eta gutxien kaltetzea helburu duten etxeak dira horiek.

Bestalde, Zirkulu Berdean haur eta gaztetxoendako ludoteka jarriko dute, eta Film Berdea gunean, berriz, dokumentalak emango dituzte.

Aurtengo azokan hiru gai nagusi jorratuko dituzte: eraginkortasun energetikoa, mugikortasun jasangarria eta hondakinen kudeaketa. Berdeagori buruzko informazio gehiago eta hiru egunotako egitaraua www.berdeago.com webgunean aurkitu daitezke.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak