Neurrien helburua da “lurraldeko industria ekosistemaren lehiakortasuna handitzea eta indartzea”, arduradunen esanetan.
Olanok azpimarratu duenez, Gipuzkoako ekonomian rol erabakigarria jokatzen du industriak. Horrenbestez, Ekonomia Suspertzeko Planaren barruan ere protagonismo nabarmena dauka.
Neurriak iragarri ditu Aldundiaren eta Lurraldeko enpresen artean “interlokuzio azkarragoa eta zuzenagoa” finkatzeko, “burokrazia gutxiagorekin”. Horrez gain, gogorarazi du beharrezkoa dela “pertsonen partaidetzan oinarritutako enpresa ereduak” martxan jartzea. Ildo horretan, aurreratu du enpresetan dauden dinamika desberdinetan “langileen parte-hartzea sustatzeko” hainbat neurri hartuko dituztela.
Bost helburu estrategiko
Industria atalean, Ekonomia Suspertzeko Planaren urte honetarako programek bost helburu nagusi aurreikusten dituzte, Gipuzkoako enpresa ehunaren lehiakortasuna indartu, jarduera ekonomiko berria sortu, eta munduari zabaltzeko.
1. Enpresa ehunaren lehiakortasuna indartu eta babestu, Gipuzkoa industriala eta lehiakorra izaten jarraitzeko. 12 programa.
2. Enpresa proiektuen erdigunean pertsonen protagonismoa erraztu, Gipuzkoa parte-hartzaileagoa eta konprometituagoa lortzeko. 2 programa.
3. Gure gaitasunen eta pertsonen eraldaketa eraldaketa sustatzea, Gipuzkoa berritzaileagoa eta adimentsuagoa eraikitzeko. 10 programa.
4. Jarduera ekonomiko berriaren sorrera bultzatu, Gipuzkoa sortzaile eta ekintzailearen baitan. 10 programa.
5. Gipuzkoako enpresen, pertsonen eta Lurraldearen nazioarteko posizionamendua indartu, Gipuzkoa ireki eta erakargarri baterantz urratsak egiteko. 6 programa.
Beste alorren artean, Sustapen Ekonomikoko diputatuak, Ainhoa Aizpuruk, zehaztu du Aldundiak ahalegin berezia egingo duela enpresa txikien -3 eta 49 langile bitartekoen- lehiakortasuna areagotzeko, hainbat neurrirekin. Izan ere, Gipuzkoako enpresen %22 eta enpleguaren %41 hartzen dute bere gain ETEek. Ildo horretan, Aizpuru buru duen departamentuak ere “arreta zuzena” eskaintzeko eta tramiteak “arintzeko” egingo du lan, eta martxan jarriko du Beharren 360º Diagnostikoa izeneko ekimena; honekin, “diagnostiko teknologikoa” egingo da, enpresa hauei fabrikazio aurreratuko sistemak txertatzen laguntzeko.
Foru Aldundiaren taula honetan laburtzen dira programak eta diru-partida zehatzak: