Era berean, Urtxintxaren webgunean, eta Hamaika, NTB11, Oizmendi, Xaloa, GITB, eta Erlo tokiko telebistetan ere emango dute. Txantxariak Telebista, 3-8 urtera bitarteko neska-mutilengan pentsatuz sortutako euskarazko saioak dira, eta eduki pedagogiko, hezitzaile eta jolasgarrietan osatuta daude.
2013.urtean, Urtxintxaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren arteko lankidetzan oinarrituta, Txantxariak telebista saioaren lehen kapituluak sortu ziren. Kapitulu horiek izandako harrera ona ikusita, lankidetzari berriz heltzea adostu eta dagoeneko bi denboraldi gehiago osatzeko aukera izan dute Urtxintxak eta Aldundiak. Eta laugarren Txantxariak telebista sorta ere bidean da, aurreratu dutenez.
Hirugarren denboraldiko saio berri hauetan jolasak, eskulanak, haurren egunerokoan oinarritutako bizipenak (haserrea, nekea, ardurak, kezkak...), proiektu interesgarri batzuen ezagutza, haurren kontakizunak eta irratsaiok ikusi ahal izango dira, besteak beste.
Horietan guztietan, oraingoan bi atal bereizgarri dira: Bata, Haurrak protagonista atala eta bestea, irratsaioena. Haurrak protagonista atalean, Amezketako eta Aramaioko haurrak izan dira protagonista eta gaur primizian haur horiek elkarlanean sortutakoaren emaitzaz gozatuko dute lehen aldiz. Bestetik, denboraldi honetako berrikuntza nagusia irratsaioena izan da. Irratsaio horietan, guraso zein haurren deiak jaso eta bidelagun egiteko hainbat aholku ematen ibili dira.
10 kapitulu
30 minutu inguruko 10 kapitulu berri grabatu dira hirugarren denboraldi honetarako. Mikel Irizar Hizkuntza Berdintasuneko foru zuzendariak saioaren hurbiltasuna nabarmendu du. "Euskararen ikuspegitik, ikus entzunezkoen esparruan hurbiltasuna baliatu behar da, ikusleak bere burua eta bere ingurua ikusi behar ditu pantailan, horrek harrapatuko du. Txantxariak telebista saioan haurrak dira hartzaile nagusiak, eta haur horietxek bihurtzen ditu saioak protagonista. Horrez gain, balioak ere modu bikainean lantzen dira. Oso gustura gaude lankidetza honekin".
Jolasaren garrantzia ezagutzera eman nahi du Txantxariak saioak. Horrez gain, euskarazko jolasak eta abestiak zabaldu nahi ditu. Kaleak gizarteratzeko gune garrantzitsua direla ere nabarmendu nahi du saioak. Txantxariak saioak hainbat balio sustatu nahi ditu, besteak beste hauexek: berdinen eta desberdinen arteko harremanen oparatasuna, norbanakoaren errespetua, egunerokotasunaren plazerraren bizipena... Egitasmoan, nagusiki, Urtxintxako hezitzaile lan-taldeak hartu du parte, baina Ner Groupen babesa ere jaso du, haien ideia eta misioekin bat egiten baitu.