Elurraren zain eta ibaien mailari arretaz begira, datozen orduetan

Josu Bilbao 2016ko ots. 15a, 12:38
Elurra Elgetan, 21:00ak aldera.

Elurrak Debagoieneko tontor eta mendi batzuk zuritu ditu, eta negu giroan bete-betean sartuko da Euskal Herria datozen orduetan, adituen arabera. Arantzazu zuri esnatu da gaur, baina orduak pasa ahala, elurra urtzen joan da eguzki izpiei esker. Ibaien mailak, gainera, nabarmen egin dute gora azken orduetan.

8-10 zentimetro Arantzazun

Arantzazu 8-10 zentimetroko elur geruzarekin esnatu da goizean, baina apurka urtzen joan da, Pello Zabalak adierazi duenez. "Bota duen geruza polita izan da, baina elurrak bereak eman dituela esan daiteke.Joera aldatzen joango da. Orain haizeak Frantzia aldera joko du, eta arratsalderako izotza ekarriko du. Zeruak argitu egingo dira, eta ez du elurrik botako. Bihar eta etzi izotza izango dugu".

Urbia ere zuri

Elur geruza polita ere dago Urbian, une honetan. Goizean 30 zentimetro inguruko geruza izan da, eta arratsalderako, elurtearen ondorioz, 35 bat zentimetrora igo da. Urbiako fondatik azaldu dutenez, eguraldi kaskarrarekin, oraingoz ez da jende asko gerturatu, baina astebururako jendea animatzea espero dute, "jendearengan elur-gosea" nabaritzen baita.

Ibaien mailak gora

Ibaien emariak gora egin du azkeneko egunetako euriteen ondorioz, eta uraren maila dezente handitu da. Gainera, mendietan bota duen elurrak ere eragina izango du uraren mailan, datozen orduetan.

San Prudentzion, adibidez, 30 zentimetroko igoera izan da azken 12 orduetan. Gainera, azken astean ia metro bateko igoera izan du Deba ibaiak, gune horretan. Ur emaria, 30 metro kubiko segundotik gorakoa da jada, atzo baino 10 metro kubiko handiagoa.

Oñatin ere gora egin du nabarmen ibaiaren emariak. Metroa gainditu egin du, baina azken 12 orduetan ez da hainbeste nabaritu gorakada, 10 zentimetroko igoera soilik izan baitu. Azken astean, hala ere, euri zaparradengatik 30 zentimetrotik metro batera heldu da uraren maila, 70 zentimetroko gorakadarekin. Emariak 25 metro kubikoak segundoko gainditu ditu azken orduetan.

Urkulun Gipuzkoako Foru Aldundiak uraren maila neurtzeko kokatuta duen gunean, gainera, 122 zentimetrotik, 300era igo da uraren maila azken astean.

Urtegiaren egoerari dagokionez, une honetan %71,46ko betetze mailarekin dago, orain dela hilabete bat baino %6a gehiago. Iazko otsailean, %99,70ean zegoen Urkuluko urtegia.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak