Izan ere, sei bider eraman du Murias enpresak Debagoieneko Mankomunitatea epailearen aurrera, guztiak ere Epeleko isurtegian egindako lanen bueltan.
Azkeneko bi apelazio errekurtsoetan, Epeleko lanetako proiektu aldaketa justifikazio modura baliatuta, Donostiako enpresak obra horien esleipen prezio gehikuntza erreklamatzen zion Mankomunitateari. Bestela esanda, obrarengatik diru gehiago erreklamatzen zuen. Epailearen sententziak ez du zenbatekorik zehazten –gehikuntzari dagokiona–, baina epaileak eraikuntza enpresari arrazoia emanez gero, Mankomunitateak ordaindu beharreko kopurua altua litzateke, "milioi bat eurokoa-edo", Mankomunitateko presidentearen esanetan.
Bi isun
Bestalde, enpresa berak jarritako beste bi errekurtso Epeleko obren amaieraren atzerapenarengatik zabalduko espediente zigortzaileen kontrakoak izan ziren. Horien eraginez, Muriasi 109.061 euroko isuna jarri zion Mankomunitateak (bi isunen batuketa da). Bada, bi errekurtso horietan ere, epaileak erabaki zuen Mankomunitateak duela arrazoia. Edozein modutan, beste bi errekurtso ditu aurkeztuta Murias enpresak. Eta horien sententzia erabaki barik dago. Horietako bat, adibidez, dagokio Epeleko isurtegiko eremu bat iragazgaizteko erabilitako telaren kalitateari. Mankomunitatetik esplikatutakoaren arabera, enpresak esandakoa baino kalitate txikiagoko tela jarri zuen, eta ondorioz, Mankomunitateak dirua kendu zion enpresari; bada, hain justu, diru murrizketa hori errekurritu egin du Muriasek.
Epeleko isurtegia dela-eta urteak daramatza Debagoieneko Mankomunitateak epaitegietan.
Enpresari gaiaren gainean galdetuta, ez dute adierazpenik egin nahi izan.