Datorren eguenean, otsailak 18, Debagoieneko aurkezpen batzarra egingo dute Arrasaten. 19:00etan izango da, Gaztegunean. Lehen topaketa honetan, gazteak WhatsARTen parte hartzera animatu nahi dituzte.
Ekimenaren nondik-norakoak
Antolatzaileek honela azaldu dute ekimenaren helburua: "WhatsARTek, artea eta sorkuntza kolektiboaren bitartez, nerabeek proposatutako erronkei erantzun bat ematea nahi du, hauek bizi diren gizartea hobetzeko eta etorkizun hobe bat bermatzeko asmoz".
WhatsART ekimenak, “Artea zure mundua aldatzeko” goiburupean, artea eta sorkuntza partekatuaren bitartez gazteen erronka eta arazoak identifikatzea eta adieraztea dauka helburu, gazteek elkarrekin bizi duten gizartea hobetzeko eta etorkizun hobea bermatzeko. Hori gauzatzeko, komunikazio- eta arte-gaitasunak garatzen lagunduko dieten hainbat tailer eta laborategitan parte hartuko dute aipatu gazteek.
Lan horretan, Kultibaren lantaldeko kideez eta zenbait artista profesionalez osatutako bitartekari-talde baten laguntza izango dute. Haien laguntzarekin, gazteek Gipuzkoako nerabeen errealitateari buruz hausnartuko dute eta artea eta sormena aurrean dituzten arazoak konpontzeko tresna izan daitezkeela ikusiko dute. Talde-dinamikak, laborategiak , kontraste-taldeak eta foro bat martxan jarriko dira espazio digital modura.
Hori guztia artista profesional baten laguntzarekin landutako ekoizpen artistiko batean gauzatuko da, eta planteatutako erronka edo arazoa irudikatuko du.
Izena ematen duten gazte guztietatik 44 hautatuko dituzte proiektu horretan parte hartzeko, lau pertsona eskualde bakoitzeko.