Amodiozko Gutunen Lehiaketa 2016: Bergarar onenaren saria

Eneko Azkarate Laspiur 2016ko ots. 12a, 10:00

Ainhoa Pardinak (1977) irabazi du bergarar onenaren saria. Bost gutun aurkeztu ditu lehiaketara. Irabazle atera dena lagun bati idatzitakoa da eta hitanoa erabili du horretarako, "galdetzen dabilela" iruditzen zaiolako; "barruan nituen kezkak azaleratu ditut" dio.

Laguntxo maitea,

Gogoratzen al haiz elkar ezagutu genuen egunaz? Ni ez, baina bazakinat bi urte baino gutxiago igaro direla egun hartatik; izan ere, batxilergoko lehenengo mailan izan zunan, ordura arte ez geninan elkar ezagutzen.

Hasieratik harreman ona eduki dinagu, baina denboraren poderioz harreman hori sendotzen joan dun, eta horrek asko pozten nain, aitortu beharra zeukanat. Errazegi fidatzen naun jendearekin eta gero min handia egiten zidaten baina bazakinat hi ez haizela horrelakoa, bazakinat hi guztiz fidagarria haizela, horregatik ez dinat harreman hau desagertzerik nahi. Beti hago laguntzeko prest, eta oso pertsona ona haizela ere erakutsi didan, beraz, oso harro nagon hitaz eta garbi asko ikusi dinat hi lagun bezala edukitzea suerte ikaragarria dela.

Hau ez dun negargura ematen duten gutun horietako bat, hau eskerrak emateko eta oroitzapen politekin barre egiteko gutun bat besterik ez dun.

Gogoan al dauzkan aurreko ikasturteko historiako klaseak? Bertan beste lagun batekin batera egiten genituen barreak ahaztezinak zitunan. Klase hauek beheko solairuan edukitzen genituenean beti nire zain gelditzen hintzen  eta ni ez nengonan horretara ohitua. Hasieran oso arraroa egin zitzaidanan baina egia esateko horrek asko pozten nindunan.

Klaseak alde batera lagata, akordatzen naun orain dela hilabete pare bat lagun batek eta biok egin genuen broma hartaz; ez ninan uste sinetsiko hunenik eta gutxiago gaizki pasatzera iritsiko hintzenik. Barkaidan, ez zunan nire asmoa, badakin; baina, onartu beharra daukan, orain barre egiten dinagu broma hartaz, barregarria zunan, ez dinat ulertzen zela sinetsi huen bi lagunek hitaz horrelako gauza txarrak esan genituenik, bahekien asko maite haugula, beraz, ez dun oso ulerterraza hik horrelakorik sinestea; hala ere, errepikatzen dinat, oso barregarria izan zunan gero biok gaizki sentitu arren. Gainera, ez zekinat hi gogoratuko haizen, baina mendekua hartuko huela esan huen, nahiz eta bagenekien hi ez hintzela horretarako gauza, onegia haizelako.

Horretaz gain, Gasteizera egin genuen bidaiaz gogoratzea gustatuko litzaidaken, Gabonetako erregaluak erosi eta “Dios mio, pero ¿que te hemos hecho nosotros?”  pelikula ikustera joan gineneko egun hartaz. Oso ondo pasa geninan hiru lagunok elkarrekin, eta barre itzelak egin genitinan tituluak sorrarazitako elkarrizketaren ondorioz, gogoratzen haiz, ezta?

Amaitzeko, gure elkarrizketa interesgarriak ditinat buruan; berri latz bat entzun edo irakurtzen genueneko whatsappeko elkarrizketa horiek guztiak, biok haserre berdina esaten genuenekoa, azkenean biok hitz eginez batak bestea lasaiarazten zuenenkoa, horrenbeste kexatuz zerbait aldatuko bagenu bezala. Ideologia berdina zaukanagu eta horrek asko errazten ditin gauzak, baina pentsaera ezberdinak bagenitu ere berdin-berdin lagun onak izango gintuzkenan, ez al dun uste? Agian ez geninan horrelako elkarrizketa produktibo eta interesgarririk izango, baina, hala ere, batak bestea lasaituko zinan, ziur nagon.

Momentu hauek guztiak buruan dauzkanala, hire aurpegian irribarre polit bat marraztu dunalako susmoa zaukanat, eta horrela izatea espero dinat, zoriontsu izatea besterik ez baitun  merezi. 

Eskerrik asko nigatik egin dunan guztiagatik. Oroitzapen asko zauzkanat nire buruan, eta aipatutakoak inoiz ahaztuko ez ditudala hitz ematen dinat. Eskerrik asko elkar ezagutu genuenetik beti nire ondoan egoteagatik eta hire ondoan egoten uzteagatik.

Gutun hau hire bihotzera helduko delakoan eta hik hau irakurtzean barre egingo dunan esperantzarekin, laster arte.

Ainhoa.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak