Atzerriko 22 enpresak 137 milioi inbertitu zuten iaz Euskadin eta 600 lanpostu sortu zituzten

Leire Kortabarria 2016ko ots. 10a, 15:47
Arantza Tapia eta Alexander Arriola, prentsaurrekoan.

2015ean 22 proiektu industrial berrik Euskadin inbertitu dute, Invest in the Basque Country-k (IBC) proiektuak egindako lanarengatik. Atzerriko 22 enpresak Euskadi aukeratu zuten eta 137,05 milioi euroko inbertsioak egin zituzten erkidegoan. Horri esker, 608 lanpostu sortu ziren eta beste 1.027ri eutsi zitzaien. Horren berri eman dute Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailburu Arantza Tapiak eta Eraldaketa Lehiakorrerako Sozietateko (SPRI) zuzendari nagusi Alexander Arriolak gaur, eguaztena.

Aipaturiko 22 proiektuetatik, 13 Bizkaian kokatu dira, 5 Araban eta 4 Gipuzkoan. Proiektu horien helburu nagusia izan da ekoizpen-plantak garatzea eta enpresetako I+G+B unitateak sortzea. Inbertsio horien jatorrizko herrialdeak Ameriketako Estatu Batuak, Alemania eta Frantzia izan dira, eta negozio-sektore nabarmenenak automobilgintza, energia, aeronautika eta EIKTak (elektronika, informazio eta komunikazio teknologiak).

Atzerriko zuzeneko inbertsioak (AZI) atzeman eta atxikitzea helburu duen SPRIren unitate bereziak bideratu du IBC programa. Horrela, Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen eta Lehiakortasun sailaren ekimen horren bitartez, lau aldiz baino gehiago biderkatu da aurreko urtean lorturiko bost inbertsioen kopurua.

Lortutako emaitzen garrantzia nabarmentzen dute 2014ko datuek. Urte horretan, SPRIren atal honek bost proiektu eskuratu zituen, 15 milioiko inbertsioa lortu zen, eta 175 lanpostu sortu eta 200 lanposturi eutsi zitzaien.

Euskadin atzerriko inbertsioak atzematea da Eusko Jaurlaritzak bere industria eta garapen ekonomikoaren arloan historikoki landu duen ildo estrategikoetako bat, eta hori beti SPRIren eginkizunen artean kokatu izan da. Hala ere, legealdi honetan indartu da lan-ildo hori, 2013an erabilitako metodologiaren inguruko hausnarketa baten ondorioz, eta landuriko proiektuen kopurua nahiz “atzemandako” enpresen kopurua emendatu egin dira.

Atzerriko kapitala duten 700 enpresa

IBCren estrategiaren helburua da Euskadi Europako Hegoaldeko erreferentziazko gune gisa kokatzea, atzerriko zuzeneko inbertsioak beren hobi nagusietan atzemateko.

Helburua da AZIak egungo tokiko inbertsioen faktore osagarri gisa aitortzea, Euskadin jarduera ekonomiko berriak abian jartzeko orduan.

Inbertsio berriak erakartzeaz gain, Eusko Jaurlaritzaren Invest estrategia horrek funtsezko egitekoa dauka indarrean dauden inbertsioak mantendu eta Euskadin jada inbertitu duten eta inbertitzen jarraitzen duten enpresei arreta eman eta zaintzeko orduan.

Euskadin atzerriko kapitala duten 700 enpresa inguru daude, horietatik 350 euskal ekonomiarentzat lehentasunezko diren esparruak lantzen dituzten sektoreetakoak eta RIS3 Espezializazio Adimendunaren Estrategiarekin lerrokatuak, hala nola energia, automobilgintza eta aeronautika. Eginiko inbertsioak “zaintzeko” estrategian, jarraipena eta egiaztapena egiteko bisiten egutegi bat eramaten da, enpresen egoera eta bilakaera ezagutzeko, eta, hori horrela, 2015ean enpresa horietako 28 bisitatu ziren.

Beste herrialde batzuekin lehian

Invest in the Basque Country (IBC) unitateak 22 inbertsio berri lortu ahal izateko, 72 proiektu kudeatu behar izan dira. Honako lan hau egiten du: munduan barrena balizko inbertitzaileak bilatu, munduko beste herrialde eta eskualdeetako agentziekin lehian aritu eta Euskadin dauden tresna guztiak koordinatu, inbertitzaile horrek Euskadin inbertitzea erabaki dezan.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak