Jabez aldatuta ere, txapelak Arrasaten jarraitzen du

Xabier Urtzelai 2016ko ots. 9a, 10:05

Joan den asteburuan egin zituzten Anoetan pista estaliko Gipuzkoako txapelketak, eta pertika saltoan Istar Dapenak marka pertsonala ondu zuen, eta baita lehenagotik haren irakasle Jonathan Perezek egindako marka gainditu ere (5.05 metro). Belaunaldi berriak datoz, eta irakasle beteranoek hitza betetzen jarraitzen dute: Txufi-k txapela eskaini zion Dapenari. 

Fernando Zufiria Istar Dapena zoriontzen, eta txapela eskaintzen, Jonathan Perezen begiradapean.

Hala, Arrasateko atletak marka horrekin aurrerapauso galanta egin du: "Zorionak Istarri, nik neukan bost metroko marka birrindu egin duelako 5.05eko metroko salto horrekin. Eta Gipuzkoako txapeldunak Arrasatekoa izaten jarraitzen du, hamasei urtez jarraian!". Jonathan Perez entrenatzailearen zorion mezua da, baina adi, Perezek zilarra jantzi zuelako 4.90 metroko saltoa eginda. Oraindik ere ikasleak ondo egin behar ditu lanak irakasle "beteranoa" gainditzeko. 

Malen Ruiz de Azuak ere urrea

Gainontzeko atletei dagokienez, Malen Ruiz de Azuak urrea lortu zuen 3.95 metroko saltoarekin. Eta, Maialen Axpek zilarrezko domina ekarri zuen etxera (3.85). 

200 metroko lasterketan, ostera, Eneko Carrascalek (23.09), Ibai Fernandezek (23.36) eta David Garciak (34.33) hartu zuten parte. Eta 400 metroko lasterketan, Daniel Martinezek brontzezko domina irabazi zuen (52.00). Bestetik, Zaragozan, atletismo topaketa egin zuten eta bertan hartu zuen parte Iñigo Uribarrenek salto hirukoitzean. Arrasatearrak arazoak izan zituen, ez zuen gura beste gozatu lasterkako tartean orpoa ez zuelako behar den moduan sartzen, baina hala ere, Arrasatekoa bigarren postuan sailkatu zen (15.22). 

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak