Zera diote: "Bidegiren baitako ustelkeria kasuen ikerketa muturreraino eramango dela bermatzeko eta herritarron poltsikotik irten diren 30.000.000 euroekin zer gertatu den argitzeko lan egin asmo duen elkartea da Gidari". Eta helburu hori bete dadin, presio egingo dutela diote.
"Herritarron auzia"
Adierazten dute garbi dutela Bidegi auzia "herritarron auzi bat" dela, "erakunde publikoetatik ematen diren ustelkeria kasu guztien gisara herritarron poltsikoa baita kaltetua, herritarron poltsikotik irten baitira ustez obretan desagertu diren 30.000.000 euroak".
Era berean, azaltzen dute oso kezkatuta daudela instituzio publikoetatik auzi hau ikertzeko konpromisoari dagokionean, dagoen "hutsunearekin". Eta horregatik erabaki dutela Bidegi auzian pertsonatzea, "herritarren presioa beharrezkoa" dela uste dutelako, auzia "ikertu eta argitu" dadin. Onartzen dute, edozelan ere, ustelkeria kasuak epaitegietan aurrera egitea "oso zaila" dela eta horregatik "ikerketa muturreraino"eramateko eskatzen diete epaitegiei.
Elkartea herriz herri aurkeztu
Diotenez, aurrera begira, Gidari elkartearen asmoa da eragile sozial, sindikal eta politikoekin harremanetan jartzea eta herriz herri elkartea aurkeztu eta Bidegi auziaren inguruko hitzaldiak antolatzea.
Ideologia eta bizipen ezberdinak dituzten herritarrek osatzen dute Gidari, bultzagileen esanetan. Hori horrela, "herri presio" hori handitzeko, haiekin bat egin nahi duen herritar guztiak gonbidatu nahi dituzte. Hala, elkartearekin harremanetan jartzeko e-posta bat ere eman dute ezagutzera: gidarielkartea@gmail.com.