Aipatutako emaitzak Foru Ogasuneko 2015eko Aurrez aurreko Herritarren Arretari buruzko Zerbitzuen Kartan datoz jasoak. Dokumentu horren bitartez, Gipuzkoako Foru Aldundiak kudeatzen dituen zerbitzuen ezaugarriei buruzko informazioa eta hauek kalitatez emateko hainbat konpromiso hartzen dira. Urte bukaeran, konpromiso hauen betetze maila neurtzen da.
8,75eko balorazioa, zehazki, Ogasunaren erabiltzaileek erantzundako 801 inkesten emaitza da. Jasotako arreta zuzena eta atsegina izateak 9,27eko balorazioa jaso du; 8,96 eman diote Ogasuneko langileen hizketaren ulergarritasunari; eta 7,67 jaso du elkarrizketen diskrezioa bermatzeak. Zifra horiek, Lasak nabarmendu duenez, egonkor dabiltza azken hamarkadetan eta honek agerian usten du “langileen balio profesionala”. “Harro egoteko modukoa da”, esan du.
Bi minutu eta erdiko itxoitea
Guztira 223.305 pertsona pasa ziren Ogasuneko bulegoetatik 2015ean eta, batez beste, 2 minutu eta 39 segundoko itxaronaldiak egin zituzten arreta jaso aurretik. “Itxaronaldien %94 hamar minutu baino gutxiagokoa izan da”, goraipatu du foru bozeramaleak. Bestalde, 18 kexa, iradokizun bat eta eskaera bat ere jaso ziren 2015ean. 10 eguneko epean kexei erantzuna emateko konpromisoa hartu zuen Ogasunak eta, errealitatean, epea 3,11 egunetakoa izan zen.
Azkenik, zerbitzu telefoniko eta elektroniko berrien arloan ere hobekuntzak egin direla nabarmendu du Lasak. Beste hainbat konturen artean, Zergabidea programaren bertsio berria, web orrietako bilaketetan egindako hobekuntzak eta argitaratutako zerga gida ezberdinak aipatu ditu foru bozeramaileak. “Lortutako kalitatezko zerbitzua mantendu ez ezik, bide honetan sakonduz etengabeko hobekuntzan lanean jarraitzea da gure konpromisoa”, esan du Lasak. Helburua, “XXI. mendeko gipuzkoarren beharrei ahalik eta modu eraginkorrenean erantzuna emango dien Ogasun eta Aldundi modernoa lortzea dugu”.