Urtero bezala, Adegik bere bazkideen artean egiten duen ekonomia testuinguruaren gaineko inkestaren ondorioak jakinarazi ditu eta egoera ekonomikoaren balorazioa ere egin du. Prentsaurrekoa Adegiren egoitza nagusian izan da, eta parte hartu dute Adegiko presidente Pello Gibelaldek, idazkari orokor Jose Miguel Aiertzak eta Lehiakortasun eta Berrikuntza zuzendari Patxi Sasigainek.
Iragarpenak ezin hobeak dira. Adegiko goi arduradunen esanetan, urte amaieran, Gipuzkoak krisi aurreko Barne Produktu Gordinaren maila berreskuratuko du, eta langabezia tasa %10ekoa izango da, Eurogunearen mailakoa. “Enplegu sorrera erritmo honekin, krisialdia aurreko langabezi tasetara bueltatzeko hiru urte beharko genituzke”, esan dute. Hala ere, ekonomia aldatu egin dela ohartarazi dute: “Ziurgabetasuna ekonomiaz jabetu da eta egoera horrekin bizitzen ikasi beharko dugu”.
Enpresaburuak gero eta baikorragoak dira
Inkestaren ondorio garrantzitsuenen berri eman dute. Hala, Gipuzkoako enpresen konfiantzak hazten jarraitzen du. Enpresen %89k diote euren merkatuak normaltasun edo susperraldi egoeran daudela.
Salmentek %3,1 egin dute gora, barneko zein kanpokoek
Eskariei dagokionean, enpresen %71k diote euren eskari-zorroaren maila normala edo altua dela, eta enpresen %85en eskari-zorroak berdin jarraitu du edo hazi egin da. Produkzio gaitasuna %80aren inguruan dago.
Enpresa esportatzaileen eskari-zorroaren eta salmenten bilakaera ez-esportatzaileena baino hobea da oraindik ere; bereziki, enpresa industrialen kasuan.
Enpresek 2016an kontratatzen jarraituko dutela aurreikusten dute. Hori dela eta, zerbitzuen sektorearen eta industriaren artean banatuta, 5.000 enplegu garbi sor daitezkeela esan du Adegik.
Inbertsioen berri ere eman dute. Hala, iaz, enpresen %85ek inbertsioak handitu ditu edo aurreko urtekoaren berdin utzi ditu. 2007tik izandako bigarren ehuneko handiena izan da hori. 2016ra begira, enpresen %39k baino gehiagok aurreikusten dute inbertsioak handitu ahal izango dituztela, eta enpresen %65ek 2016an, I+G+b arloko inbertsioak handitzea edo mantentzea aurreikusten dute.
Langile kualifikatuen faltarengatik kezkatuta
Enpresaburuen kezkei aipamena egin diete hurrengo.
Pertsonal kualifikatua kontratatzeko zailtasuna indartsu azaleratzen da enpresen kezken artean. Lehen hiru postuetan Espainiako ekonomiaren ahulezia, salmenten errentagarritasunaren jaitsiera, nazioarteko ekonomiaren ahulezia daude.
Soldatak, batez beste, %0,8 hazi ziren 2015ean, eta Gipuzkoako enpresek uste dute aurten beste %1 igoko direla. 2015ean enpresa txikietan soldatak gehiago hazi dira handi eta ertainetan baino.
Honako hitz hauek esan dituzte Adegiko ordezkariek: “Bistakoa den moduan, batez besteko datuez ari gara eta enpresa bakoitzeko soldata-igoerak, jakina, enpresa bakoitzaren bilakaeraren mende egoten dira, eta egoera berri honetara ohitzen joan beharko dugu”.