Herritar talde honek kezka adierazten du etorkizunean Epele izango delakoan "Gipuzkoako zabor nahasiarentzako zabortegi berria". Diote "Gipuzkoako Diputazioa Debagoieneko Mankomunitatearekin negoziatzen" ari dela "Arrasate eta Bergara artean hiri hondakinentzako zabortegi bat" zabaltzeko, eta Epele dela horretarako "aukera gehien dituen lur eremua".
Hortik abiatuta, salatzen dute "Gipuzkoa mailan birziklatzen edo konpostatzen ez diren hondakin gehienak Debagoienan isuriko direla inongo tratamendurik eman gabe. Urtean gutxi gora behera 100.000 tona zabor (hondakin nahasi) baino gehiago", ekarriko direla, "hemen (Debagoienan) 5.000 Tona errefus eta nahastutako hondakin, soilik, (janari soberakinik gabe) sortzen ditugun bitartean".
Arazoak, osasunean eta ingurumenean
Eta diote "mota honetako honetako zabortegiek arazo asko sortzen dituztela, bai osasunean, baita ingurumenean ere: usain txarrak, arratoi eta hegazti sarraskijaleen ugaritzea, kamioien joan-etorria, metanoa, lurraren okupazio handia, errekak eta akuiferoak
kutsatzen dituzten lixibiatuak…"
Hori horrela, azpimarratzen dute ez dutela nahi "zabortegi toxikorik gure eskualdean". Galdera ere botatzen dute orain Epelekoa onartuz gero, "hurrengoa zer izango da, errauste plantaren eskoriak eta errauts toxikoak ere Debagoienara ekartzea?"
Debagoieneko eredua, alternatiba
Bada hori guztia saihesteko, "Debagoieneko eredua" aldarrikatzen dute "alternatiba" modura, adieraziz "Europa mailan erreferente bihurtu" dela eskualdea "%78ko gaikako bilketa lortu dugulako", eta hori horrela dela "herri guztietan nahitaezko gaikako bilketa egiten dugulako", edukiontzi sistema erabilita edo kubo indibidualen sistema erabilita. Hori abiapuntu, diote "Gipuzkoa osoan gure birziklapen maila berdina lortuko balitz, gauzak oso bestelakoak" izango liratekeela eta ez genukeela "erraustegi eta zabortegi kutsakorren beharrik izango".
Salaketa bat egiteko ere baliatzen dute prentsa oharra, esateko badirudiela "ondo ari dena (Debagoiena kasu honetan) zigortu nahi dutela (zabortegi kutsakorra inposatuz), eta hori ez da onargarria. Ez dugu nahi arazoaren parte izan, soluziorako giltza baizik. Horregatik gai hau alderdi politikoen arteko ika-mikatik aldendu eta benetako konponbide baten alde lan egitea nahi dugu".