Lankidetza hitzarmena sinatu duten entitateak, Eroskiz gain, ondorengoak dira: Carrefour Norte S.L., El Corte Inglés S.A., Fnac S.A., INDITEX S.A., Forum Sport, Media Markt S.A., Mercadona S.A., Supermercados Sabeco S.A. (Simply) eta UVESCO S.A..
Prentsaurrekoan, Cristina Uriarterekin batera, Patxi Baztarrikak, Hizkuntza Politikarako sailburuordeak, parte hartu du. Ekitaldia Donostiako Miramar Jauregian izan da.
Lankidetza hitzarmena honako bide honetan elkarrekin aurrera egiteko pentsatuta dago: herritarren hizkuntza eskubideen alorrean elkarlana zehaztu eta egonkortzeko, eta indarrean dagoen araudiak aitortutako hizkuntza eskubideak bermatzeko, sinatzaile bakoitzari dagokion eremuan.
Idatziz zein ahoz
Entitate sinatzaileek bezeroekiko harremanetan hizkuntza eskubideak bermatzen ahalegintzeko konpromisoa hartu dute.
Hala, idatzizko harremanetan –jendearen eskura dauden inprimaki edo katalogoetan, atxikimendu-kontratuetan, jakinarazpenetan, fakturetan, frogagirietan e.a.– zein ahozko harremanetan, erabiltzailearen hizkuntza eskubideak errespetatzera konprometitu dira.
Entitate sinatzaileek eta Eusko Jaurlaritzak, Hezkuntza, Hizkuntza Politika eta Kultura Sailaren bitartez (Hizkuntza Politikarako Sailburuordetza), beren borondatea adierazten dute lankidetza-marko orokor baten bidez honako lan ardatz hauek garatzeko:
1. Informazioa eta ezagutza trukatzea, betiere indarreko legeriaren alorrean.
2. Aholkularitza, komunikazioa eta produktu eta zerbitzuen eskaintza.
3. Sinatzaileek elkarlanean egiten dituzten proiektuen azterketa bateratua eta egitasmo partekatuen garapena.
"Euskara ez da bigarren mailakoa"
Gainera, Jarraipen Batzorde bat eratuko da, hitzarmenean jasotakoaren ebaluaziorako.
Hizkuntza Politikarako sailburuordeak honako hau adierazi du: “Bidaltzen dugun mezuetako bat da, punta-puntako merkataritza enpresentzat beren bezeroen hizkuntza eskubideak ez direla bigarren mailako eskubideak, eta euskara ez dela bigarren mailako hizkuntza, baizik eta lehen mailakoak direla euskara eta hizkuntza eskubideak ere. Hizkuntza eskubideak eta euskara inportanteak dira merkataritzako enpresentzat ere”.