2015 urteko delituen balantzea aurkeztu du Segurtasun Salak eta nabarmendu da lau puntu baino gehiago egin duela behera delitu-tasak sei urtetan. Horren berme bezala, deliturik astunenak prebenitu eta ikerketa sustatzeko egina duten plangintza estrategikoa aurkeztu dute. Datutan erakutsi dutenez, hiru hiriburuetan, hiru lurraldeetan eta hiri nagusietan jaitsi da kopurua.
Gizahilketen kopurua, ordea, "pixka bat" igo da 2015ean aurreko urtearen aldean; hain zuzen ere, 10etik 11ra.
Behera egin du lesioen kopuruak 2015ean (-% 3,08), bai eta tortura eta osotasunaren kontrako gisa tipifikatutako arau-hausteak ere (-% 3,66). Horien barruan, familia barruko tratu txarrek gora egin dute (% 9,53), baina murriztu egin dira familia barruko ohiko tratu txarrak (-% 4,05).
Sexu-askatasunaren kontrako gertakariek, bestalde, gora egin dute (% 1,64). Horien barruan, behera egin dute sexu-erasoek (-% 7,28), eta, gora, berriz, sexu-askatasunaren kontrako beste arau-hauste gisa sailkatutakoek (% 7,91).
Lapurretak eta ebasketak
Ondarearen kontrako arau-hausteen arloan pixka bat egin dute behera 2015ean (-% 0,76). Lapurretak murriztu dira gehien (-% 12,29), eta, horien barruan, etxebizitzetako indarkeria bidezko lapurretak (-%21,13). Azken horiek, bada, jaitsi egin dira bai etxebizitzen kasuan (-% 29,66), bai trasteleku eta horien ondoko eraikinetan (-% 10,98). Murriztu egin dira, halaber, indarkeria edo larderia bidezko lapurretak (-% 10,49). Aldiz, areagotu egin dira ibilgailu-lapurretak (% 34,01) eta iruzurrak (% 21,57). Azken horren kasuan, zalantzarik gabe, salerosketa informatikoek gora egin dutelako.