Debagoieneko gimnastak denboraldia hasteko gertu daude

Xabier Urtzelai 2016ko urt. 28a, 10:00

Azkoitian lehiatuko den taldeetako bat, gazte mailako arrasatearrak.

Ikasturtea hasi zutenetik gogor entrenatzen ibili ostean, Bergarako Ariznoako, Oñatiko Aloña Mendiko eta Arrasateko Dragoi taldeko gimnastak lehian hasteko irrikan daude. Arrasatekoek Azkoitian hasiko dute denboraldia, asteburuan. Otsailaren 20an, berriz, Bergaran izango da Gipuzkoako txapelketa.

"Osasuntsu dago taldea, gimnasta kopuru aldetik, esaterako, ez daukagu kexatzerik", adierazi du Ariznoako ordezkari Nagore Jimenez. Daukaten gimnasta kopuruarekin Arrasaten ere oso pozik daude: "Azken bost urteotan asko hazi da kluba, 125 gimnasta ditugu aurten, eta datu oso pozgarria da hori. Txarrena da gehienezko muga jarri behar izan dugula, eta neskak ditugula itxaron zerrendan. Pena da horrela egon behar izatea, baina muga jarri behar izan dugu, gainezka egin aurretik", adierazi dio GOIENAri Dragoi taldeko Edurne Elkorok. Eta adierazi du, gimnastek ondo entrenatu ahal izateko leku falta izaten dutela. 

Asteburuan, lehenengoa 

Arrasatekoek asteburuan hasiko dute denboraldia, Azkoitian egingo duten amateur mailako eskola arteko txapelketan –zapatuan eta domekan–, eta Bergarakoek eta Oñatikoek aurrerago hasiko dituzte txapelketak, otsailaren 20an egingo duten Gipuzkoako B mailako txapelketan. Hain zuzen, Ariznoaren ardura izango da txapelketa hori Bergaran antolatzea.  

Zalantza barik, Oñatiko taldekoendako urte berezia izango da, klubak 25 urte betetzen dituelako eta urtea ospakizunetan murgilduta emango dutelako [Ikus Puntua aldizkarian Almudena Cid gimnasta ohiari egindako elkarrizketa]. Martxoan, esaterako, erakustaldi berezi bat egingo dute, leku ezohikoan, Santa Ana aretoan. 

Ondo pasatzeko helburuaz 

Hori da, hain zuzen, talde guztiek duten helburua: "Umeek kirola modu osasuntsuan egitea da gura duguna, eta gustura ibil daitezela", dio Jimenezek. Esaterako, Dragoiko aerobik taldeko neskak Espainiako Txapelketan –Bilbon– podiumera igo ziren iaz [Harmailatik saioan izango dira astelehenean, 22:00etan]. Lorpen handia izan zen; txapelketetan txukun jarduteko lan egiten dute, baina ibarreko taldeak ez dira emaitzekin obsesionatzen: "Egon daitezela ahalik eta urte gehien gimnasia erritmikoa egiten, horrek pozten gaitu. Erakusten duelako gustura daudela kirol jarduera hau egiten", adierazi du Elkorok.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak