Foru Aldundiaren hitzetan, “oinarri sendoekin” eta “martxa onean” abiarazi da Kudeaketa Plana. Hala ondorioztatzen du gaur Diputatuen Kontseiluak onartutako lehen txostenak.
2016ko Foru Aurrekontuen %71 Planak aurreikusitako bost helburu estrategiko nagusietara bideratuko da: susperraldi ekonomikoa finkatzea, gizarte ongizate eta kohesio eredua indartzea, Gipuzkoaren modernizaziorako geldirik zeuden proiektuak aurrera ateratzea, Gipuzkoako gobernu eredua eraldatu eta berrasmatzea, eta herritarren elkarbizitza finkatzea. Gainerako %29 ohiko jardueretara bideratuko da, Aldundiak lurraldean eskaintzen dituen ohiko zerbitzuetara, alegia.
Aipatutako bost atalen barruan, politika sozialek duten garrantzia nabarmentzen da, izan ere, aurrekontuaren %78 hartzen baitute -406 milioi euro baino gehiago-; eta enpleguaren eta jarduera ekonomikoaren sustapenak, %13 ia. “Aldundiak 66 milioi euro inbertituko ditu errekuperazio ekonomikoari laguntzeko. Horien barruan daude Ekonomia Suspertzeko Planaren hornidurari dagozkionak -50 milioi-. Argi dago aurrekontuek Gipuzkoako herritarren behar nagusiei erantzuten dietela. Izan ere, Ongizateak eta Ekonomiak Plan Estrategikoari lotutako gastuaren %90 baino gehiago batzen dute”, esan du Foru bozeramaile Imanol Lasak.
Hondakinetarako azpiegiturak, "giltzarri"
Lurraldea modernizatzeko “giltzarri” diren proiektu batzuen garrantzia azpimarratu du Foru Aldundiak, hala nola Pasaialdearen biziberritzea eta hondakinak kudeatzeko azpiegiturak; gobernantza onaren garrantzia ere azpimarratzen du, eta baita elkarbizitza eta giza eskubideena ere. Azken bi atal horiek aurrekontuaren %3,99 -20.676.764 euro- eta %0,33 -1.724.454 euro- hartzen dute, hurrenez hurren.
Kudeaketa Planak 50 helburu zehazten ditu departamentuz departamentu, eta horien ezarpen mailaren berri ere ematen du jarraipen txostenak. Hiru ezarpen maila finkatu dira –altua, ertaina eta baxua.
Jarraipen txostena gipuzkoar guztion eskura egongo da Guztion Gipuzkoa argitaratzearekin batera –otsailerako dago aurreikusita-. Proiektuen aurrerapen maila azaltzeaz gain, ideia eta proposamenak jasotzeko, eta herritarrek dituzten informazio kanalen berri emateko ere balioko du, hiru hilabetean behin.