Gipuzkoako ekonomia %2,4 haziko da aurten

Leire Kortabarria 2016ko urt. 26a, 17:27
Pedro Esnaola, Endika Sanchez eta Iñigo Muguruza.

Gipuzkoako Bazkundeak 2016an Gipuzkoako ekonomia %2,4 haziko dela aurreikusten du eta horrelaxe jakinarazi du gaur, martitzena, egin duen prentsaurrekoan.

Gipuzkoako Bazkundeak Europako Enpresa-Perspektiben Inkestatik (60.000 enpresa baino gehiagoren iritzia jasotzen duen inkesta)  ateratako datuek adierazten dute Gipuzkoako ekonomiaren hazkuntza sendotzen ari dela barruko merkatuaren eta kanpokoaren arteko hazkundea orekatuz. Hortik esandako ondorioa.

Pedro Esnaolak, Gipuzkoako Bazkundeko presidenteak; Endika Sánchez Agirrek, Gipuzkoako Bazkundeko idazkari nagusiak; eta Iñigo Muguruzak, Gipuzkoako Bazkundeko Berrikuntza eta Marketin zuzendariak, aurkeztu dituzte gaur ekonomia egoeraren datuak eta 2016ko perspektibak.

Inkestaren arabera, 2015a urte ona izan da Gipuzkoako enpresentzat, inkesta erantzun duten %71k euren negozio zifra handitu dutela kontutan izanik. 2016an ere aktibitate honek aurrerako bidea hartzen jarraituko duela uste dute, erritmo baxuago batean bada ere.

Hazkundea barne merkatua suspertzen orekatuko da, kanpo merkatuak 2015eko zifrei eutsiko dien artean.

Kontratazio gehiago

Enpleguari dagokionez, Gipuzkoako enpresaburuek aurten kontratazio berriak egiteko asmoa azaldu dute, eta lan taldea handitzea espero dute, azken urteko joera jarraituz.  

Produkzio sektoreek, eraikuntza salbu,  diru sarrerak handitzea espero dute, merkataritza sektoreak batik bat, eta atzetik industriak eta gainontzeko zerbitzuek.

Azpimarratu beharreko datua inbertsioan dago, azken urte honetan enpresen heren batek inbertsioren bat egin dutelako, 2008. urtetik gertatzen ez zen zerbait.

2016ko enpresa giroa onuragarria eta sendoa da, Bazkundearen ondorioen arabera, baina zuhurtziarekin hartuta, ekonomiak eta munduak bizi duen egoera geopolitikoa eta Europak izango duen hazkunde motelaren aurreikuspena kontutan izanik.

Gipuzkoako enpresak Europakoekin konparatuz, gipuzkoarrak susperraldia gehien sendotu dutenen taldean daudela ondorioztatu du Bazkundeak; izan ere, Europako batez bestekoaren goitik daude, batez ere esportazioetan eta barru-merkatuan.

2015ean barne merkatuan egindako salmentei buruz, Gipuzkoako enpresarietatik %57k, 2014arekin alderatuz, gehitu egin dituztela adierazi dute, eta hau bera esan duten enpresaburu europarrak %34 izan dira.

2016rako Gipuzkoak barne eskarian moteltze bat izango duela ikusten da, Europak arlo honetan berrikuntza izango duen artean.

Europako esportatzaileenak

Esportazioek emandako emaitzetan ikusten denez, Gipuzkoa 2015ean Europako ekonomia esportatzaileena izan da, %56k kanporako salmentak gehitu dituztela adierazi dutelako, eta Europakoen kasuan %35 izan dira. 2016rako aurreikuspenak antzekoak dira: Gipuzkoako enpresen %52k gehituko dituztela diote, eta hori bera dioten europako enpresariak %37 dira. Espainian %57 dira hau adierazten dutenak, eta Euskal Autonomia Erkidegoan, %55.

Enpleguaren arloan, berriz, europarrek 2015eko egoerari eutsiko diotela uste dute, eta gipuzkoarrek lanpostuak sortzeko orduan baikortasun handiagoxea adierazten dute.

Azkenik, inbertsioari dagokionez, Gipuzkoak 2015ean Europako batez bestekoa baino emaitza hobeak izan ditu. 2016rako, gipuzkoarrek zein europarrek antzeko aurreikuspenak egin dituzte.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak