"Proiektuen bidezko metodologia hezkuntza berrikuntzarako tresna garrantzitsua da. Metodologia honetan ikaslea da bere ikaste prozesuaren protagonista. Ikasleek errenka desberdinei aurre egiten, arazoak ebazten eta elkarrekin lan egiten ikasten dute, bere autonomia garatuz".
Antzuolan, aitzindari
Horixe da Goieskolako, Debagoieneko Euskal Eskola Publikoko, bigarren hezkuntzan aplikatzen hasiko diren metodologiaren ezaugarri nagusia. "Antzuolako eskola izan zen sistema hori erabiltzen aitzindaria. Ikusi da ikasleen gaitasunak garatzen laguntzen duela, eta garapen horri garrantzi handia ematen zaio; era berean, sistema horrekin ikasleei errazago egiten zaie edukia barneratzea. Goieskolako zentroetan urteak daramatzate metodologia berarekin lanean. Baina Bigarren Hezkuntzan ez da hainbeste garatu maila horretako edukiek lotura handiagoa dutelako batxilergoarekin, selektibitatearekin… eta, ondorioz, edukia zehatzagoa da eta mugatuta dago", esplikatu du Lurdes Ugaldek, Goieskolako koordinatzaileak.
100 bat irakasle
Proiektuen bidezko metodologia hori ezagutzeko eta horren inguruan hausnartzeko, jardunaldiak egin dituzte Goieskolakoek; azken saioa Bergarako Ipintza Institutuan egin dute. 100 bat irakaslek hartu du parte; izan ere, helburua da Goieskolaren eskualdeko 14 zentroen artean –helduen heziketa zentroetan ere bai– esperientziak trukatzea eta proiektuen metodologia bultzatzea.
Apirilean egingo duten azkeneko saioan, berriz, sortutako proiektuak eta nork bere zentroan landutako esperientzia berriak partekatzeko aukera izango dute