Ehiztarien irudia aldatzea helburu duen fundazio sortu berriaren presidente izendatu dute Migel Lazpiur

Eneko Azkarate 2016ko urt. 20a, 17:20

Gaur aurkeztu dute Bilbon Funcasbiod fundazioa, "ehiza jasangarria eta bioaniztasuna bultzatzea" helburu duen elkartea eta Migel Lazpiur bergararra izendatu dute fundazioko presidente. Aurkezpenean izan dira Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea eta Jose Angel Zaldua fundazioko presidente ordea.

Besteak beste, "ehizak gizarteari egiten dion ekarpena" ezagutzera eman eta ehiztariek jendearen artean duten iritzia aldatzea du helburu elkarteak.

Horretarako, "ezagutza, formazioa eta informazioa" partekatu nahi dituzte eta, era berean, "ingurumenarekin konprometitutako ehiza arduratsua" bultzatu. Eusko Jaurlaritzarekin, Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako foru aldundiekin, federazioekin, ehiza esparruekin, bioaniztasunarekin lotutako erakundeekin eta bestelako erakunde publiko eta pribatuekin elkarlanean jardun nahi du fundazioak.

Une honetan 18 lagun ari dira lanean modu "altruistan" eta 100.000 euroko aurrekontua dauka 2016rako.

Ehiza oso jarduera "jasangarria"

Bittor Oroz sailburuordeak esan du "ehiza oso jarduera jasangarria" dela Euskal Autonomia Erkidegoan, baina hori hala izan dadin lanean jarraitu behar dela. "Ehizaren eta naturaren arteko oreka eraikitzen jarraitu behar dugu eta zeregin horretan funtsezkoak dira Funcasbiod fundazioa eta ehiza federazioak" adierazi du. Era berean, esan du oso garrantzitsua dela ehiztariek gizarteari egiten dioten ekarpena jendeari helaraztea.

"Euskal gizartean sustraituta"

Migel Lazpiurrek, berriz, nabarmendu du ehizak aisialdi jarduera moduan, "jarraitzaile asko" dituela Euskadin. Zehaztu du 50.000 euskaldunek praktikatzen dutela ehiza eta, horietatik, 40.000 lagun lizentziapean aritzen direla. Era berean, 18.000 lagun daudela gaur egun ehiza elkarteetan federatuta. Zentzu horretan, esan du "araututako kirol jarduera" bat izateaz gain, "euskal gizartean sustraituta" dagoen jarduera dela.

Bestalde, adierazi du fundazio berriaren beste helburuetako bat badela ehizak Euskadin darabilen "jarduera jasangarria eguneratzea", gaur egungo gizarteak eskatzen dituen "aldaketetara egokituz" eta "ehiztarien kolektiboa sentsibilizatuz" eguneratzearen beharraz. Hartara, gizarteak ere ehizaren gaineko "beste pertzepzio" bat izan dezan eta "jarduerak iraun dezan natura errespetatuz".

Fundazioaren beste zereginetako bat ehiztarien ohiturak eta nekazaritzari eta ingurumenari egiten dien ekarpenak ezagutzera ematea eta balioan jartzea dela esan du. Izan ere, Lazpiurrek onartu du ehiza ez dela beti balio positiboekin lotzen eta ez datorrela bat egungo hainbat joerekin.

Ehizaren mundua berritu

Ehizaren mundua berritzea da fundazioaren beste helburu bat Migel Lazpiurrek esan duenez, bertako fauna eta natura guneak egoki manten daitezen lagunduz. Hala, bertako hegazti espezieak ezagutzera emateko ikerketa egingo dutela eta ehiztariek horren berri izatea nahi dutela adierazi du. "Ehiztariak izaten jarraitu nahi dugu, baina betiere natura zainduz eta gizarteari ekarpenak eginez" adierazi du.

"Basurde uxaldi arautuak"

Jose Angel Zaldua fundazioko presidente ordeak esan du ehiza Euskadin ondo bideratuta eta araututa dagoela eta ehizan aritu daitezkeela "aberatsa eta txiroa", ehiza-esparru guztiak publikoak direlako. "Mendira goazenean ez goaz animaliak hiltzen dibertitzera" esan du. Eta nabarmendu ditu "basurde, uso edo orkatzen ugaltzea" kontrolatzeko egiten dituzten "uxaldi arautuak".

Ehizaren inpaktu sozio-ekonomikoa

Ehiza jasangarriarekin lotutako hainbat ikerketa egingo dituztela aurreratu dute fundazioko buruek. Hala, azpimarratu dute ehiza jarduerak Euskal Autonomia Erkidegoan daukan inpaktu sozio-ekonomikoaren gainekoa egiten dihardutela, Jaurlaritzaren laguntzarekin. Emaitzak aurki ezagutzera emango direla esan dute. Edota espezie migratzaileen gaineko foro bat egiteko asmoa dutela, nazioarte mailako adituekin. Oiartzunen egingo dute datorren astean, urtarrilaren 28an eta 30ean.

Ehiztariendako aplikazio bat abian jartzeko asmoa ere badutela aurreratu dute.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak