Helburu hau lehentasun politikoa izango da Aldundiarentzat legealdi honetan, eta, horretarako, "nabarmen" handituko ditu berdintasuna sustatzera bideratutako baliabideak.
Hala jakinarazi du Emakumezkoen eta Gizonezkoen Berdintasunerako Organoaren zuzendari Miren Elgarrestak. Berdintasun politikak ezarri, koordinatu eta horien jarraipena egiteko ardura du Organo honek: "eginahalak egingo ditugu desberdintasunari aurre egiteko, ez hitz politekin, ekintzekin baizik", azpimarratu du.
Aurrekontuan isla
Hartara, Berdintasun Zuzendaritzaren aurrekontuak gora egingo du 2016an, %15 inguru. Aurtengo diru kopurua 1.895.818 eurokoa izango da. Diru laguntza lerro nagusiak ere handitzeko erabakia hartu du foru gobernuak. Udalei eta udal elkarteei ematen zaizkienak %41 igoko dira, eta emakumeen elkarteei dagozkienak, berriz, %25.
Aldundiak udalei eskaintzen dien babesa bi ekimen ildotan banatzen da. Alde batetik, udal mailan eta berdintasun arloan estrategikoak diren egitasmo eta jarduerak sustatzeko diru laguntza lerroa dago, 200.000 eurorekin hornituko dena.
Iazko aurrekontuarekin alderatuta diru atal hori handitzeaz gain, Elgarrestak iragarri du hobekuntza "kualitatiboa" ere egongo dela. Izan ere, diru laguntzen onuradun izan ahal izango dute Berdintasun pertsonal teknikorik eduki ez, eta berdintasun aholkularitza tekniko espezializatua kontratatzen duten udalek, haien herrietan berdintasuna sustatzeko baldintza egokiak garatze aldera. Honi esker, Aldundiak espero du udal gehiagorengana iritsi ahal izatea, eta 2015eko kopuruak gainditzea –15 parte hartzaile eta 24 proiektu—.
Berdinbidean eta Berdinsarea
Horrez gain, Aldundiak nabarmen handituko du beste zenbait egitasmoari dagokien diru atala, hala nola Berdinbidean eta Berdinsarea. Tokiko berdintasunak sustatzea du helburu Berdinbidean programak, 10.000 biztanle baino gutxiagoko eta berdintasun teknikaririk gabeko udalerrietan. Iaz, 30 udalerri inguruk parte hartu zuten guztira.
Elgarresta Gipuzkoako udaletako arduradunekin batzartuko da datozen asteetan, ekimenaren berri zehatzago eman, eta bat egin dezaten gonbidatzeko. Halaber, Gipuzkoako pertsonal teknikoaren lan esparrua ere sendotuko da, Emakundek eta Eudelek martxan jarritako Berdinsarearekin elkarlanean -Berdintasunaren aldeko eta Emakumeenganako Indarkeriaren aurkako Euskadiko Udalen Sarea-. Bi programa horietara 250.000 euro bideratuko dira.
Neurri hauekin, elkarlanean sakondu nahi da tokiko administrazioarekin. Izan ere, foru zuzendariak azpimarratu duenez, udalen egitekoak berebiziko garrantzia du berdintasunaren alde lan egiterakoan. "Herritarren beharrekiko, interesekiko eta kezkekiko gertuen dagoen erakunde publikoa da, arlo praktikoan politikak ezartzen dituena, eta sarritan biztanleekin lehen kontaktua edukitzen duena, eskaera bat, kontsulta bat, edo arreta premia dagoenean".
Babesa emakumeen elkarteei
Emakumeen elkarteei eta irabazi asmorik gabeko elkarteei zuzendutako diru laguntza lerroa ere indartuko du Aldundiak, elkartegintza, norbanako eta taldekako jabetzea, eta Gipuzkoako emakumeen parte hartze soziala bultzatzen dituzten proiektuak sustatzeko helburuarekin. Horretarako, 250.000 euro inbertituko ditu, 2015ean baino %25 gehiago.
Iaz, esaterako, 56 proiektu jarri ziren martxan, 37 elkarteren eskutik. Kopuru hori gainditzea espero da 2016an. Proiektuak jorratzen dituzten gaiak askotarikoak dira: gaur egun dauden desberdintasunen inguruko informazioa, sentsibilizazioa eta dibulgazioa; jabetzeari eta kontzientzia hartzeari lotutako formakuntza; emakumezkoen partaidetza bultzatzea; etxeko lanen eta zaintza lanen banaketa bidezkoa; prebentzioa eta arreta hobetzea indarkeria matxistaren arloan; edota jarrera igualitarioen aurrean gizonezkoen erresistentzien inguruko lanketa.
Elgarrestak nabarmendutakoaren arabera, Gipuzkoak badu, "esparru honetan ere, oso aktiboa den elkarte sare bat, lan eskerga egiten duena, kale mailan eta interlokuzio zuzenarekin, eta gaur egun dauden arazoen inguruko eskarmentu handia eta diagnosi zuzenak dauzkana. Lan hori erraztea dagokigu erakunde gisa, eta horretarako elkarlanaren aldeko apustua egingo dugu".
Otsailaren 8ra arteko epea
Udalen zein irabazi asmorik gabeko elkarteen kasuan, eskaerak egiteko epea otsailaren 8an amaitzen da. Aurreko urteekiko beste berritasunik bada, diru laguntzen tramitazioa on line egingo baita, sinadura elektronikoaren bitartez, www.gfaegoitza.net helbidean, bihartik aurrera –asteazkena-. Oinarriak eta informazioa ere bertan egongo dira eskuragai. Halaber, elkarte onuradunak gipuzkoarrak izatea bermatuko da.