Hain zuzen, Gizarte Langintzaren Elkargoak Peña diputatuari zuzendutako idatzia aipatu du EH Bilduk Batzar Nagusietan.
EH Bilduren iritziz, EAJk “estrategia Marotozale lotsagarria” jarri du abian AGI kentzeko. Izan ere, Aldundiak galdeketa bat bidali zien udaletako teknikariei. EH Bilduren esanetan, hainbat galderak “izaera xenofobo argia” zuten.
Peñak antzeko kritika jaso du Gizarte Langintzaren Elkargo Ofizialaren aldetik: “Galdeketa honetan, bereziki lehen hiru galderak aurkitzeak harritu gaitu”, esaten du Elkargoak.
Maite Peñak abenduan azaldu zuen ez dutela AGI kentzeko asmorik, baina bai berau baloratzen ari direla, bere “eraginkortasuna” eta “helburuak betetzen” ari den jakiteko.
Besteak beste, honako galderak egiten zaizkie udal teknikariei: “Gaur egun, uste duzu AGI diru laguntzak Gipuzkoan pobrezian bizi diren biztanleen egoera hobetzeko balio dutela edo Gipuzkoara iristen den jende berria atenditzeko bakarrik erabiltzen dela? Zure iritziz, AGIk “dei-efektua” du? Uste duzu eskatzaileak Gipuzkoara etorri direla AGI dagoelako? Zure iritziz, AGI kentzen bada, familia asko babesik gabe utziko da, edo migrazio-fluxuak murriztu egingo dira, Gipuzkoan bizi direnengan eragin txarrik izan gabe? Diru laguntza horri eutsi egin beharko litzaioke edo ez? AGIk jarraitu beharko lukeela baina baldintzak egokitu beharko liratekeela uste baduzu, badaukazu proposamenik? AGI bertan behera geratu beharko litzatekeela uste baduzu, zer egin beharko litzateke populazio onuradunarekin? Aldi batez eskubidea izan beharko lukete? Zenbat denboran? “