Adegiren esanetan, kualifikatutako langileen gero eta eskaera handiagoa egongo da Gipuzkoan

Leire Kortabarria 2016ko urt. 12a, 08:00

Datozen 15 urteotan Gipuzkoako demografian izango diren aldaketek eragin handia izango dute ekonomian, batez ere lan-merkatuan, eta hainbat kualifikazio mota dituzten langileen eskaera handia egongo da. Horrela iragartzen du Adegiren Gipuzkoako Enplegu Behatokiak. Gipuzkoako enpresaburuen elkarteak inauguratu berri duen atala da hori, eta lurraldeko populazioaren proiekzio batekin hasi ditu bere argitalpenak.

Espainiako Estatistika Erakundeak (INE) emandako datuak erabili ditu behatokiak bere analisia egiteko. Horien arabera, Gipuzkoak %5 biztanle gutxiago izango ditu 2014-2029 tartean, hau da, 36.000 biztanle gutxiago, baina lan egiteko adina dutenen kopurua murriztuko da gehien: %11 gutxiago izango dira. Lan egin dezaketen 52.000 pertsona gutxiago izango dira; urtero, batez beste, 3.400 pertsona gutxiago.

Espainian, 2014 eta 2064 artean biztanlegoa %2,2 murriztuko dela esan du INEk; batetik, ume gutxiago jaioko delako (emakume ugalkor gutxiago egongo da), eta bestetik, gero eta luzaroago bizi den gizartean izango diren heriotza kopuruarengatik.

65 urte edo gehiago dituen jendea populazioaren %18,2 da gaur egun, baina %25 izango da hemendik 15 urtera, eta ia %40, hemendik 50 urtera. Mendekotasun-tasa (16 urtetik beherako eta 64 urtetik gorako biztanle kopuruaren eta 16 eta 64 urte arteko biztanle kopuruaren arteko zatidura) gaur egun %52,1 da; 2029an, %59,2 izango da, eta 2064an, %95,6.

Lantalde zaharragoak

Adegiren behatokiak Gipuzkoara ekartzen ditu datu horiek, eta esaten du datozen 15 urteotan Gipuzkoak 2.500 biztanle galduko dituela urtero. Horren ondorioz, bigarren aldiz 1900etik, Gipuzkoak biztanle gutxiago izango ditu, baina, are garrantzitsuago, adinaren araberako konposaketa asko aldatuko da.

30 eta 64 urte arteko 65.000 biztanle galduko ditu Gipuzkoak datozen 15 urteotan. Aldiz, 65 urtetik gorako biztanleak biztanleria osoaren %30 izango dira hemendik 15 urtera.

Lan-merkatuan ondorio sakonak izango ditu horrek, ohartarazten du behatokiak. Izan ere, “gaur egun oraindik langabezia tasa handia” du Gipuzkoak eta “enpresa batzuetan arazoak sortzen hasi dira”, izan ere, enpresa horiek diote ez dutela lanpostu jakin batzuetarako profil egokiko jendea aurkitzen. Horrez gain, enpresetako langileen batez besteko adina handitu egingo da: gaur egun, Gipuzkoako lantaldeen %34k 50 eta 65 urte artean ditu, eta 2029an jende multzo hori %42 izango da. Bestalde, 65 urte edo gehiago duten langile askok lanean jarraituko dute, lanaldi osoan edo murriztuan, eta horrek, gehienez ere, 3.300 langile gehituko ditu lan-eskaintzara.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak