Debagoiendarrak ere bai selekzioan

Mirari Altube Arrese 2016ko urt. 8a, 10:20
Egaña (kartelari helduta), Azkarate (Egañaren gainean) eta Etxebarria (eskuman, azken aurrekoa).

Asko dira urtero-urtero Gabonekin batera Euskadiko Selekzioak jokatuko duen partiduaren zain egoten direnak. Aurten kanpoan, Katalunian, izan dira partiduok, neskena zein mutilena, eta telebista bidez ikusi eta gozatu dituzte gehienek. Partiduan bertan, baina, izan zen debagoiendarrik –Mikel Gonzalezek ezin jokatu izan arren lesioagatik–: Ramon Azkarate eta Imanol Etxeberria arrasatearrak eta Iker Egaña oñatiarra. 

Mondrako zuzendaritzan dago Azkarate, eta Gipuzkoako eta Euskadiko Futbol Zuzendaritzako kidea ere bada: zortzi urte daramatza Gipuzkoakoan eta lau Euskadikoan; eta azken hiru urteotan ordezkari lanak egiten ditu Euskadiko Selekzioan. "Oso gustura nabil eta lagunak ere egiten dira", dio. Hainbat eratako ardurak ditu: ertzainekin batzarrak egin jokalarien aireporturako joan-etorriak antolatzeko; hoteleko lo-gelak banatu; garajeetako aparkalekuak banatu; jokatuko duten jokalarien zerrendak banatu; jokatu ostean partiduko bideoa banatu jokalarien iritziak jasotzeko… "Kirol konturik batere ez, jokalariei lagundu eta kontuak erraztu bakarrik". 

Selekzioko teknikoen taldean, ostera, beste bi debagoiendar daude. Iker Egaña oñatiarra prestatzaile fisikoa da eta Imanol Etxebarria arrasatearrak atezainak entrenatzen jarduten du.

Jokatzeko "gogotsu" 

Urtean behin jokatzen duten partidu hori jokatzeko "gogotsu" egoten direla jokalariak dio Azkaratek: "Ez daukate inolako beharrik, kobratu ere ez dute egiten, eta izugarrizko ilusioarekin etortzen dira urtero. Deitu ezean haserretu ere egingo lirateke hainbat, konpromiso handia dutelako hiru koloredun kamisetarekin".

Emakumezkoen taldeak ere gero eta indar handiagoa hartu du: "Talde benetan polita da, Estonian ere egon dira aurten, eta ondo dabiltza", dio eta gaineratu du: "Horiek bakarrik ez, 16 eta 18 urtez azpiko taldeek ere emaitza benetan garrantzitsuak lortu dituzte".

Partidu gehiago jokatu gurako lukete, baina ez dela hain samurra dio: "Batetik aurkaria behar duzu –batzuk aurrekontu handia dute– eta bestetik, data zehatzetan jardun behar da: oporrak… Beti taldeen baimenarekin, noski. Aurten, lehiaketa bukatutakoan, beste partiduren bat jokatzea da asmoa, baina ezer ez dago zehaztuta". Eta ofizialtasuna noizko? "Hori ez da gure kontua, politikariena, baizik. Guk eskatzen jarraituko dugu", adierazi du.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak